Elizondon saioa bukatuta, Felix Irazustabarrenak idatzitako kronika
Gaur ere hotza zen Baztan inguruan, baina ondo berotu da bailararen izena daraman pilotalekua. Elizondo zegoen bigarren bueltako lehen saioaren zain eta saioak ez du huts egin. Ez bertso kalitatean (behar bada beste batzuetan baino gorabeheratsuago) ez jendearen erantzunean (eskuak berotzeko edo, txaloak ozen entzun dira) ezta puntuazio dantzak ekartzen duen tentsio puntuan ere (finaleko eserlekuak jokoan daude txo!)
Ariketak aldatu egin dira aurrekoetatik. Nabarmenenak, hamarreko handiak eman diola hasera zortzikoak eman ordez, eta puntuak erantzun beharrean puntutan egin behar izan dutela. Saioaren erritmoan, luzeran... ez dugu aldaketa nabarmenik sumatu.
Agurretik ikusi dugu zer zuen bakoitzak jokoan. Baziren kutxiloak zorroztu eta borrokatzera zetozenak, txapelketari amaiera borobila eman nahi zietenak, saioa bera helburu zutenak...
Jokin Urangarenarekin geratu naiz. Finalean sartzeko berak saio ona egin eta besteek txarra egin behar zutela, eta hori ez ziola inori opa bota digu. Berea egin du, saio ederra egin baitu Azpeitiarrak. Nik bainaren bat jartzekotan zortziko txikikoan jarriko nioke ez du ofizioa Iturriagarekin elkartu, eta bakoitza bide desberdinean lotu gabe aritu dira. Bestela indartsu, arrazoiekin eta asko gustatu zait egindako bakarkako lana. Azkena zen kantatzen eta dagoeneko berak hartutako bidea (kokainazalearena) jorratuta zegoen, jendeak entzunda zituen horren inguruko detaile asko baina tira! kartzelakoaren miseriak. Idea zehatzak goitik behera ekarri ditu, eta hirugarrenean borobildu du. Txapelketa bikaina Jokinena.
Antzeko egoeran geratzen da Iñigo Mantzizidor “Mantxi” ere, finaletik urrunduta daude bere aukerak, baina txapelketa zoragarria eginda bukatuko du. Gaur ere saioa egin duela iruditu zait. Tolosan horrela egin bazuen, gaurkoan ere beste hainbeste egiten ari zen sentsazioa eman dit arratsalde osoan. Gustura, bizi, plazari tamaina hartuta gozatzen ari zen itxura eman du saio osoan eta momentu askotan gozarazi gaitu. Batez ere ofizioetan gustatu zait. Hamarreko handian asko Jokinekin (biak oso ondo ariketa honetan) umorez Gaztelumendirekin txikian, puntutan bixi Ametsekin eta kartzelako txukun bat beteta bukatu du (eduki du errimarekin irristada bat bertan) baina sinesgarri iritsi da publikoarengana. Mantxiren estiloari jarraituz ofizio bakoitzean joan da pertsonajea eraikitzen, eta denetan jarri die izen bat edo beste hauei (Gabriela, Bego, Oihana...)
Julio Soto ere iritsi da azkeneraino, edo ia azkeneraino. Finala falta, baina ez du aho zapore gozoena eraman. Agian itxaropen gehiago jarrita zegoelako beregan, edo saio bat oso osoa egin ez duelako. Egin ditu ariketa ederrak baina borobildu gabe. Gaurkoa ere antzeko joan da. Ondo hasi da baina zortziko txikian galdu egin da eta hortik aurrera lekua aurkitzea kosta zaio. Hamarreko txikian burua altxa nahi zuela zirudien baina, ordurako saioa ia pasata zegoen. Ezin buelta gehiago eman, gaur tokitik kanpo egon den sentsazioa eman du. Ez dio bere bertsotarako gaitasunari zukua atera. Handia da, zeren nabarmen geratu da asko landuta prestatuta iritsi dela txapelketara (errima zerrendak...) Zer ikasia, zer eskertua duela esan du agurrean. Zer eskainia ere badu. Asmatuko du ematen.
Beñat Gaztelumendi aurpegi berria izan daiteke aurtengo finalean. Hanka bat eta gehixeago jarri ditu Barakaldon. Ez du gaur egun brillantena izan, baina bertsotan asko egiten du eta erregular samar, ariketa guztietan eman du zerbait. Murgian bezain seguru ez ofiziokoetan, baina ideiak ekarriz handian, exagerazioa umorea egiteko erabiliz txikian, ondo josten hamarrekoan eta puntutako saio bizian gaiari elementuak eransten. Bakarkakoa ere azpimarratzekoa, irudi politak sortu ditu eta ondo bete ditu bertsoak.
Amets Arzallusek ere errepikatuko du BECen. Oso sendo aritu da gaur saio osoan zehar.Ondo osatutako, betetako, bertsoak erritmo bizian eta kantaera aproposean sartzen ditu entzuleen belarrietara, eta gozamen bat da bera entzutea. Hamarreko handian egin du lan onena (kartzelakoarekin batera) Ederki baino hobeto sartu da poliziaren larruan eta Unairekin batera sinistu arazi digute bi polizia ari zirela hizketan. Errima erakustaldia egin du bakarkakoan (ez bakarrik errima tokatzen zenean) eta istorio sinplea, erreala (posiblea) osatu du. Berriro poto egin duen bertsolariaren paperean, Elizondoko frontoia lehertu egin du Ametsek.
Eta hain saio ona egin dutenen gainetik Unai Iturriagaren izena gailendu da. Borrokarako zetorren gaur. Beste erremediorik ez, eta dena eman eta ea zer geratzen den azaldu da azken bost finaletan egondako durangarra. Bukaeran ez zuen berak gehiegi sinesten, baina saioa irabazi eta hortxe jarri da aukerekin. Langa non dagoen erakutsi die ondorengoei. Lan zaila egitea tokatu zaio zenbait ofizioetan. Txikikoan, esan dugu Jokin Urangarekin, bidea topatu ezinda edo behintzat biak bide desberdina hartuta aritu dira. Gaiak, berriro ere ehiza kontua, ez dio grazi handiegirik egin edo, eta beste modu batera lotzen saiatu da. Puntutan ere Julio Sotok berak nahi ez zuen terrenora eraman nahi zuela iruditu zait, baina ondo bideratu du. Hamarreko handian bikain konbentzitutako polizia gorpuztuz eta bakarkako lana azpimarratuko nuke. Sortu dituen irudiak, gehitu dituen elementuak... berriro entzun beharrekoa dela apuntatu dut. Bertan inpresio ederra egin dit, baina berriro gozatze aldera... Esandakoa, zain egon beharko du, baina finaletik gertu egon daiteke.
Gero eta handiagoa da zenbaki eta batuketa dantza, baina inori ez zaio ahazten matematika baino lehen aurrena bertsotan egin behar dela.
Hurrengoa bihar Donostian. Gaska kiroldegian.
Felix Irazustabarrena