Felix Irazustabarrenak Donostiako saio ostean idatzitako kronika
Txapelketan eztabaida nahasia ere izan daiteke jokoaren eta jolasarena. Jokoan dabilenak jolasean asmatu behar duelako besteak beste. Agurrean bota du Jon Martinek berak jokoan ezer ez eta jolasera zetorrela. Beste batzuk txartela jokoan, edo irabazteko asmoa ere ekarri dute.
Jokalekua aldatuta zegoen Atano pilotalekutik Gaska kiroldegira. Bertan lekua eroso hartu dute ia 2.500 bertsozalek, eta bertsolarien hitzen zain egon arren zenbakien dantza nagusitzen zen tertulietan.
Saioa bezperakoa, Elizondokoa, baino motelago hasi da, hamarreko handietan hain gora jo gabe. Zortziko txikian gora egin du, umorean asmatu da eta ondoren gorabeheratsu ibili da. Orokorrean saioa gustagarria, ona izan dela aitortu behar. Entzuleek gustura irteteko modukoa (jolasa polita) denek ahotan puntuazioak (jokoa) izan badut ere. Bietatik aipatu beharko ditugu hemen ere.
Jolasera etorri den Jon Martin, horrela aritu dela iruditu zait. Hamarreko handian hotz samar hasi eta neurri txikietan jostalari piztu dena. Zortziko txikikoan egingo zuen bere saiorik onena eta gero beste ofizioetan ere lasai, fresko zegoenaren irudia eman du. Hamarreko txikian joskera ederrez, lagunari erantzunez eta gaia osatuz. (Bertsoaldi hau izan da kiroldegia lehertu deneko momentu bat). Bakarkakoan berriz espetxetik ihesi egin bahi duen paper originala hartu du, bukaeran erabat borobildu ez badu ere. Hiru saio egin ditu txapelketan, eta bere maila azaltzen joateko aukera izan duela uste dut. Ez beti edo nahi adinetan, baina hori oso zaila da, eta eginez gero...
Maila eman duen beste bertsolaria Etxahun Lekue izan da, Jon Martinen egoera berean etorri eta tenple igualtsuarekin aritu da. Jolaserako. Baina jolasean serio, erregular eta dotore. Beti bilatzen ditu gaiari, paperari, egokitzen zaizkion arrazoiak eta horiek ondo tolestuz eskaintzen dizkio entzuleari. Ariketa guztietan ibili da antzeko, agian akats tekniko bat edo bestek puntuetan eragingo zion, baina saio berari asko eman dio.
Alaia Martin, jokorako zegoela esan genezake, finalerako postu batengatik borrokan ari zelako, baina behar bada hori lortzeko jolas egitera etorri dela eman digu inpresioa. Saio ederra egin du, ariketa guztietan emanez eta behar bada batzuetan kolpe gehixeago jotzea, brillanteago ibiltzea falta izan zaio. Finalean sartzeko extra hori akaso. Kartzelako lanean hori ematen saiatu dela esango nuke. Bederatzi puntuko neurrian egin ditu bertsoak, eta oso ondo josi ditu. Metrika horretako (Munduko ilunabarra doinuan) lehen lau puntu motzak bikain hirugarrenean batez ere (ale ederra hau) baina agian pisu pixka bat falta zitzaion hartutako bideari, emozioa edo (bere finalerako aukeraz, bere ametsaz aritu da) Baina lan oso ona izanda eta publikoak ere gogotik eskertu du. Ezin esan oraindik finaletik kanpo dagoenik saio baten faltan gaudelako, baina ez du erraza. Alaiak berea egin du, eta zain egon beharko du. Hemen bukatuta ere txapelketan erakutsi du nolako bertsolaria den.
Zain egon beharko duena eta tentsio handiarekin Aitor Sarriegi izango da. Numeroek, pronostikoek... bere postuan, puntuaketan jartzen dute listoia. Ez du borobildu gaurkoan aurreko saioan Oiartzunen egindakoa. Oso ondo hasi da hamarreko handian, gaia garatuz eta elementuz osatzen Etxahunekin, eta zortziko txikiko lehen bertsoan ez du nahi zuen bertsoa bota. Lagunari kolpez erantzutera joan eta ia ia laprast egin zuen. Ondo bukatu du gero eta ondorengo bertsoaldiak ere onak egin ditu, baina ez berak ohi duen kolpearekin. Puntutakoan bizi baino gehiago azkarregi aritu da, baina gaurko denen edo geheinen akatsa izan dela uste dut. Imanol Lazkanok (eta honetan badaki zerbait) puntutan azkar hasi kantuan eta bere erritmoa eman behar dela esan digu, eta bere ustez gaurko bertsolariak, Aitor barne, presaka edo aritu dira. Hala ere ariketa horretan bideak irekiz, gaia bere lekuara ekarriz ikusi dut Sarriegi, neretzat lan ona eginez. Kartzelakoa izan da onentsuena. Bukaeran arrazoi ikaragarririk gabe, baina pieza ederrak, beteak osatuz. Finalerako moduko bertsolaria da, finalerdiak egin ditu, baina gehiago ere badira eta askok borrokatuko dute leku horrengatik.
Ia ia finaleko lekua ziurtzat daukana Igor Elortza dugu, gaur ere bera izango zen saioko onena. Aurrekoan Tolosan egin zuen adinako saioa ez duela egin iruditu zait, baina oso ondo beti eta bikain zenbaitetan. Hasieratik, seguru hamarreko handian eta brillante zortziko txikian. Nere gusturako gehixeago egiteko moduan puntutan, aipatutako erritmo bizian bai, baina kolpe askorik gabe. Kartzelakoa aipatu behar bestalde, doinu berria ekarri du (Antton Valverde) eta metrika ere berria. Neurri berdinekoa, zortzi silaba (habanera eta bezala) zazpi puntutan. Baina puntu batzuk luzeak (bi zortziko lerro) eta besteak motzak. Zailtasun tekniko dexentea duela iruditu zait, baina Igorrek bertsoak nola bete dituen ikusita, ez dakit. Esanahi eta arrazoiaz bete du aipatutakoa eta lan bikaina egin du.
Seigarren bertsolaria jokora gehiago etorri dela esango nuke. Beti da Fredi Paia ausarta, askotan erasokorra, ustekabeen zale, probokatzaile zenbaitetan. Gaur ere zahatoa lagun, saioaren bila etorri da. Askotan lortu du entzulea piztea, saioa lehertzea ere bai, baina behera ere egin du eta... Betelanetan justu samar ikusi dut. Aldiz arrazoietan, ideietan fresko. Bakarkakoan, kartzelakoan, denok espero genuen sorpresaren batekin etorriko zela. Denok espero, eta inork gutxik horrelakoa izango zenik. Oso gutxitan entzun da beste bertsolari baten ahotik kantatzea batek, eta gaur Fredik Jon Maiaren papera hartu du. Azkar hartu ere, bakarkakoa hasteko errekorra jarriko zuen hogei segundutan hasi baita kantuan. Doinua ere Jon Maiak kaleratutakoa hartu du, aproposa beraz egin nahi zuenerako. Dena den, asko arriskatzea iruditu zait eta ez duela asmatu.
Saio bakarra geratzen da. Eta bakoitzak zenbat beharko dituen jakinda joango dira horretara bertsolariak eta zaleak. Baina behin hasitakoan onena horretan ez pentsatzea izango dute (dugu) batzuk eta besteok.
Hurrengoa, beraz datorren larunbatean Maulen.
Felix Irazustabarrena