Gorka Urtasun erremontelariak bidali digu aste honetako iritzia.
Elizondoko Baztan pilotalekua leporaino beteta, 1.400 pertsona guti gora behera eta kantxan ez zeuden Martinez de Irujo, Koteto Ezkurra edo Aimar Olaizola bezalako pilotariak. Kantxan 6 bertsolari zeuden, aipatu bezala 1.400 pertsona frontoi batean biltzearen errudun izan ziren sei “krak”. Hitzak eta errimak erabiliz hormatuta zegoen frontoi bat berotzeko kapaz izan ziren hitzen sei mago, hain zuzen. Saioaren nondik norakoetan ez naiz gehiegi sartuko, baina aipamen ttiki batzuk egin nahiko nituzke.
Lehendabizikoa, Sotorekin du zer ikusia, aurtengoa ez da bere txapelketa izan, baina dudarik ez dut egiten noizbait BEC-en kantatzen ikusiko dugula eta bertze gauza bat, Beñat Gaztelumendi eta Mantxi gustatu zitzaizkidala ikaragarri, bertsotan erruz egin zutenaren sentsazioarekin gelditu nintzen.
Sentsazioak sentsazio, bertsotan ez da gure kirolean bezala gertatzen. Guk kantxara ateratzen garen momentuan badakigu galdu edo irabazi egingo dugula, 40 tanto egiten dituenak pozik, eta bertzeak triste. Larunbateko saioan, berriz, ez zen ez galtzailerik, ezta irabazlerik ere izan, edo bai?... ez dakit.
Ametsek erran dezakegu irabazi zuela, baina finalerako txartela soilik, saioa Unaik irabazi zuelako, aldiz honek finalerako txartela ez du ziurtatuta. Beñatek ere saio ederra egin arren, beste saioen puntuazioen zain egon beharko du jakiteko BEC-en kantatu dezakeen edo ez, eta gainerako hiru bertsolariak, Julio, Jokin eta Mantxik ere ez zuten saririk jaso. Beraz, nork galdu zuen? Eta nork irabazi?
Nik uste irabazi Baztan pilotalekura hurbildu zen orok irabazi zuela, bertsolariak eta baita bertsozaleak ere. Eta noski, irabazi zuena berriz ere Euskara izan zen, herri honen bihotza. Juliok Hendaian erran zuen bezalaxe… hizkuntza galtzen badugu, galduta dagoelako dena.
Idatzi ttiki hau ezin dut bukatu Baztango bertso eskola aipatu gabe. Urte batzuk badaramatza gogotsu bidea egiten, aupa zuek!! Txapelketa Nagusiak gurean geldialdi bat egiteak, lagundu bertzerik ez dio egingo bailarari bertsolari eta bertsozaletasuna handitzen joateko.
Beraz … GORA BERTSOA ETA GORA BAZTAN!!!!
Gorka Urtasun. Erremontelaria