BTN13. Finala Barakaldon 2013-12-16

Egun handia - Felix Irazustabarrenaren kronika

Felix Irazustabarrenak BECen idatzitako kronika
Hitzetik Hortzerarako final aurretik egin genuen programarako elkarriztetan zortzi finalistek erabili zuten “handia” hitza finala zer den adierazterakoan. Gero adjetibo, esplikazio gehiago ematen saiatu ziren, baina ondoen definitzen zuen hitza handia zen.

Bertso saio normal batek ez dituen beste ezaugarri batzuk baditu BECeko saioak. Eszenatoki, testuinguru erabiltzen da bertsolaritzan, erraldoi bat prestatu behar zen eta dena txukun jarri zuen, antolaketak. Bide batez, eta zorionak denei, hura jendetza lanean, dena prest izateko. Baina azkenean, egun hau handia egin zezaketenak batez ere bertsolariak ziren. Luzaroan gogoan gordetzeko eguna. Bertsolaritzaren eta gure herri historian, egun handi bezala gordeta uzteko giltza bertsogintzak zuen. Eta ez zuen huts egin. Ez zuten huts egin tranpaldora igo ziren zortzi bertsolariak. Horiei buruz hitz egin ahal izango dut hemen, ahaztu gabe haiek luzitu ahal izateko zenbatek lan egin zuen. Aulkiak jarri zituztenetik, ateetan egon zirenetik hasi, gaijartzaile, aurkezleetara pasa, epaile, prentsa, sari emaile... Antolatzaileak guztiak, egun handia borobiltzeko.


Esan bezala ordea bertsogintzari dagokio txoko hau eta horretan badago zer esana... Matematiketatik hasita, 245 bertso entzun ditugu (137 goizean eta 108 arratsaldean) eta ez dut  alperrikako bertso askorik entzun ez goizean ez arratsaldean.


Goiza

Goizeko saioa bikain hasi da, neri  askotan hasiera kosta egiten zaizkit, edo iruditzen zait bertsolariei kostatzen zaiela, eta gaur Maialen Lujanbio hasi eta primeran ekin dio bideari. Goiz osoan eduki det oso goi mailan ari direnaren sentsazioa, tarteka perla asko egon dira, eta zenbait momentutan lehertu dela uste dut. Koadernoan apuntatutako ohar batzuk: Lujanbioren zortziko handiko freskura eta ideiak. Arzallusek handian kafe kikarekin irudikatutako topa, bien artean egin duten zortziko txiki umoretsu eta  osoa, Beñat Gaztelumendik 8ko handian hasiera paregabea prostituta paperean, eta paper berean Iturriagak nola itxi duen ofizioa, Colina eta Mendiluzek txikian egingako elkarrizketa bizia, txapela kentzeko moduko puntu erantzun batzuk (akaso hiruretan Sarriegik asmatu du , baina Arzallusen batek marka asko dauzka nere kaieran) Mendiluzeren seiko motza (memoriz ikastekoak) kartzelako bakarkakoetan hartutako bide, desberdin, ausartak, bertsoak egituratzeko moldeak, bertsotan egiteko modu berriak (Maialenen bakarkako aparta)

Liluratu egin nau goizak, nahiz uste baino luzetxoago joan. Ikusiko dugu arratsaldean, bazkal ostean giroak gora egingo duela segurua da. Kostako zaio mailari gora egiten.


Arratsaldekoa

Goizeko agur esanguretatik, giroari, entzuleei zuzendutakoetara pasa gara, eta bai giroak gora egin du nabarmen. Eta ai ama! kalitateak ere bai. Batzuk koska bat gorago egin dute, eta lehen oso goian zeudenek eutsi. Lehen ofizioa (zergaitik markatzen dit neri beti lehenak?) paregabea izan da. Lujanbio eta Elortza autobusean tratu txarren inguruko elakrrizketa goxoa, hunkigarria, Maialenen bukaerako sorpresa mundiala... Nola hasi! Hamarreko txiki guztiak joan dira ondo, oso goi mailako pieza beteak osatuz, eta puntutan lehertu egin da, jendearen barre eta txaloek jarduaren segida mozten aritzeko moduan. Bikain Mendiluze eta Elortzarena. A ze arratsaldea Aitorrena, bakarkakoa ere primerakoa egin baitu pisuzko arrazoiak bikain josiz. Beste bakarkakoak ere ederrak izan dira, zortzigarrena Gaztelumendira iritsi arte . Gehiago ezin nuenean Beñatenak harrapatu egin nau. Berriro.


Buruz buru

Txapela jokoan aurrera segitu dutenak, duela lau urteko berak. Bueno, izen berak behintzat.

Mailari ere bai, baina gero eta gorago joan den giroari eutsi behar zitzaion orduan, eta halaxe egin dute. Buruz burukoa ere betea izan da. Bi ofizioak ederki, bata goxo eta bestea umorean. Hitza emanda primerako bi ale. Duela lau urtekoarekin alderatuta altzoa hitza goxoago bai, baina indar gutxiagokoa (parentesi artean beste txalo bat gaijartzaileei) eta bakarkakoak ederrak.

Finalistak

Zortzikote bikaina izan dugu gaur kantuan, dena emateko intentzioa ikusi zaie hasieratik, hustu egin direla esango nuke. Eta denek beti asmatu ez badute ere, nibel ikaragarria erakutsi dute.

 

Dakitenek iragarri zuten orain arte jokatutako onena izan zitekeela, eta nik uste det gakoa heldutasunean dagoela. Elkarrekin askotan aritu, eta momentu emankorrean dauden generazio beretsuko zazpi bertsolari dira eta gaztenak Gaztelumendik berriz heldutasuna, jarrera eta bertsoarekiko maitasuna eskolartekotik dakarrela esango nuke. Emateko asko eta eskaintzeko gogoa erakutsi digute gaur.

 

Bertsogintzak eman duen eboluzioa, dagoeneko oso pertsonala dela esango nuke. Teknikan, lanketan, prestaketan azken urte dexentetan goraka joan den zerbait da. Eta, hori ez ezik,  orain bertsolariek zer eskaini nahi duten, nola eman, zein jarrera mota azaldu... hausnartu dute eta bakoitzak hortik ematen du. Zortzi autore, autore desberdin, bakoitzak bere pintzelada eman nahian, bere firma uzteko prest ikusi ditugu BECen.

Azken agurretan ikusi da hori, entzuleek, kaliangora kalianbehera, zutik eta eseri behin eta berriz nola eskertu duten bertsolarien lana. Askori atera arazi dizkigu malkoak. Emozioak gora egin du bukaeran.

 

Azken aipamena, Iturriagak txapelketan bere akabuko saioa izango duela adierazi digu. Ez dakit sumatuko den bere falta, baina, lujo bat da horrelako bertsolari bat edukitzea, horrelako jarrera... Gozatuko ahal dugu plazetan!


“Inoizko finalik onena”, entzun ahal izan da bukatutakoan. Emozioarengatik, suagatik beroarena kendu beharko zaio, baina oso saio konpletoa izan da.

Egongo da gehiago aztertzeko aukera, sentipenek gaina hartu diete gaurkoan teknikari, errimei, neurriei... eta hori bizi izan dugunaren seinale, seinale ona, da.

 

Hurrengo saioa... edozein herriko plazetan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri