BTN13. Finala Barakaldon 2013-12-18

Olatuaren aparretan

Olatuaren aparretan
Joseba Santxok bidali digu finalari buruzko iritzia.
Lau urterik behin, bertso-esperientzia antologiko bat bizitzeko aukera izaten dugu. Ez bakarra, zorionez, baina bai berezienetakoa. Eta jakina, pasatu eta ostean, kontatu beharra izaten dugu, bertan bizitakoa adierazi beharra. Nahiz eta ez izan berdina hango berri irakurtzea edo zuzen-zuzenean bizitzea. Ezta hurrik eman ere!

Lehenengo zertzelada garbi daukat: adierazi behar dugu zelan altzairuzko eraikin erraldoi eta hotz bat, egun batez sikeran, euskal habia bero, euskal inurritegi bizi, euskal komunikagune neuralgiko eta euskal bertsodromo aparta bihurtzen dugun. Alde makala, kasurako, han-hemengo erakundeek bertan antolatzen dituzten makro bileren, erakusketen, biltzarren eta azterketen giroarekin.

Bigarren zertzelada optikoa da, dudarik gabe. Bizkaia Arena lepo bete bezain laster, aski da bertako edozein puntutatik inguru osora begiratzea bertan izango den ekitaldiaren tamainaz jabetzeko, aldi berean handi eta txiki sentitzeko. Buruak zenbatzen hastea alperlana. Bertsoaren erakarpen-indarra kalkulatzen hastea nahiko lan. Terraza zientifikoarentzako beharlekua.
Hirugarren une estelarra bertsolarien agerpena da. Momentu zirraragarria, zinez. Txalo-jotze eta ile-zutitze erabat fisikoa. Bat-egite eta bat sentitze arras mistikoa. Paregabeko pasarela hunkigarria. Eta beharbada unerik hunkigarriena, -nire begi ertzetako malko-isurbideen iritziz behintzat- zortzi finalistek jendaurreari txalo jotzen diotenekoa.

Hortik aurrerakoa, bertso-plazerra: purua, esentziala, bete-betekoa. Bertsolaria eta mikroa milaka lagunen zentzumenen asegarri, milaka bururen iritzien inarrosle, milaka bihotzen erritmoaren gidari. Estiloak, errimak, ideiak, neurriak, joerak, doinuak… ahots hutsez, hitz betez, esangura adierazkorrez. Eta den-dena bertsozale xumeak jasotzeko eran. Filosofoen hitzak haurren belarrietan, edota haurren hitzak filosofoen belarrietan. Jarduera xinplea bezain harrigarria.

Eguerdiko pausak ere merezi du iruzkintxoa. Era guztietako otorduak eta jakerak. Egoitzaren barruan, zein kanpoan. Etxeko jatekoa, zein erositakoa. Ogi tartean zein ontzitik ahora. Zutunik zein jarrita. Hankak luze zein tolestuta. Bakarka, binaka edo taldeka. Neurri handian edo txikian. Edozelan. Izan ere, eguneko helburua ez da jatordua. Helmuga ez da sabelaren gurariak asebetetzea, gorputzaren plezerrei men egitea. Ogitartekoa = bitartekoa. Helburuaren zorrotzak: elikatzea buru-bihotzak.

Bazkalostekoan, uhinek olatu eta olatuek baga. Baga, biga, higa… Eta bertsolariak gustura olatuen aparretan nabigatzen, hitz eta bits. Itsasaldia goiz eta arratsaldekoa izatea abantaila. Horretara zortzi bertsolariek izan zuten euren onena emateko eta erakusteko aukerarik. Finaleren egiturak, baina, buruz burukoa gailur. Zortzitik seira, batera bidean. Txapela zain, eta zainak bor-bor. Ikur beltzari buru bakarra zor.

Heldu da unea. Txapeldun Antia. Jendea zutik. Besarkada kolektiboa. Ileak zutik. Bertsoa azpigarri, lokarri eta altxagarri. Txalo-hotsa. Belarrien poza. Begiak urtsu. Ametsak ahaltsu. Protokoloaren lizentzia: bertsolarien erreberentzia. Dotore. Hurreko. Sinesgarri. Kalitatea ezaugarri. Eta orain zer? Traje nazionala jantzi eta lanera. Gure gogoko lanera. Handi egiten gaituen lan xume horretara. Gure arteko jolasa kirol nazional bihurtzen duen atazara. Hurrengo plazara arte!

Joseba Santxo

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri