Urtero moduan, Bertsolata egin dute Hernanin Gabonen bueltan. Ekimenari amaiera emateko, bertso-jaialdia egin zuten hilaren 3an Biteri kultur-etxean. Maialen Lujanbio, Jone Uria, Unai Agirre, Iñaki Zelaia, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan.
Azkenaldian askotan gertatzen ari den moduan, ez zen eserleku bat bera ere libre geratu Hernanin. Sarrera guztiak agortuta ekin zioten bertsolariek saioari. Maialen Lujanbio, Jone Uria, Amets Arzallus, Unai Agirre, Iñaki Zelaia eta Unai Iturriaga igo ziren oholtzara Amaia Otxotorena gidari zutela.
Txapelketa Nagusia, Euskal Selekzioaren partidua, urte berria.... azken bertso-saioetan behin baino gehiagotan agertu dira gai horiek eta Hernanin ere kantugai izan ziren. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek finaleko buruz burukoaren harira abestu zuten. Lanak amaituta, Maialenek Amets txapeldun izango dela uste du eta Ametsek berriz argi du Maialenek jantziko duela txapela.
Bakarkako lan onak egin zituzten Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Iñaki Zelaiak. Azkenaldian askotan egokitu zaio Maialeni Abortoaren Legearen erreformari buruz kantatzea, eta Hernaniko bakarkako gaiak ere bazuen lotura: "16 urteko neska gaztea zara Maialen eta haurdun geratu zara ezustean". Amets Arzallusi bi hitz jarri zizkion Amaia Otxotorenak bertso bana osatzeko: Trena eta Hamaika. Iñaki Zelaiak ere bikain erantzun zien Amaiak jarritako puntuei.
Polita izan zen baita ere Maialen Lujanbio eta Unai Agirrek osatutako bertsoaldia. Gertuko gaia egokitu zitzaien: "errumaniar jatorriko haurra da Maialen eta euskalduna Unai, lagun minak eta Hernanin bizi direnak biak. Euren amek kontuz ibiltzeko esan diete Maialen eta Unairi, norberak bere arrazoiengatik"
Bukatzeko, aipagattia ume-kontuekin sei bertsolariek egindako lana. Unai Agirre bere seme-alabak burutik kendu ezinik dabilela dirudi, eta gainontzeko bost bertsolariek beste gairen bat aterata ere Unai Agirrek badu beti aitzakia bere seme-alabez hitz egiteko.