Hamar urtetan hutsik egin gabe egin dute bertso-jaialdia Zeanurin eta aurten ere bertsozalez bete dute herriko frontoia. Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Jon Maia, Andoni Egaña eta Amets Arzallus izan dira horren errudun nagusiak.
Urteroko hitzordua da Zeanuriko eta inguruko bertsozaleentzat urte hasierako jaialdia. Hamar urte pasa dira lehenengo aldiz antolatu zutenetik eta hutsik egin gabe urtero-urtero egin dute orduz geroztik.
Arrakasta ere urterokoa da; 400 lagun inguru gerturatu ziren igandean herriko pilotalekura; denak bertso-gosez. Pareko oholtzan berriz, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia eta Amets Arzallus kanturako gogoz.
Giro ona zegoen pilotalekuan, bai tenperatura aldetik baita entzuleen jarrerari dagokionean ere; baina bertso-saioari kosta zitzaion berotzea. Eñaut Intxaurragak jarri zituen gaiak eta hasieran seriotik jo nahi izan zuen. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek osatu zuten hasierako bertsoaldi aipagarriena, bizi dugun testuinguru politiko-sozialean Maialen gorputzaldi baikorrean eta Amets ezkorrean.
Hortik aurrera, umorea izan zen nagusi: Andoni Egaña eta Igor Elortza aitona-bilobak "porroa" elkarbanatzen, Maialen eta Unai senar-emazteak 20 urte elkarrekin eta emaztea zerbait esan nahiean senarrari...
Bertso-saioaren amaierako zatian taldeko lanak agindu zizkien Eñautek sei bertsolariei eta zalantzarik gabe bertsoaldi hauek izan ziren saioaren termometroa gorritu eta goritu zutenak. Lehendabizi, Maialenek atzekoei abestu zien 2014rako norbere buruari jarri dizkien asmoak esanez. Jarraian, Eñautek jarritako puntuei erantzun zieten bertsolariek. Puntu "pertsonalizatuak", izan ere, jakina baitzen puntu bakoitza nori zuzenduta zihoan, bai mezuagatik baita doinuagatik ere. Eta bukatzeko, Zeanuriko hitz bitxiekin aritu ziren jolasean. Igor hiztegiarekin, gainontzeko bostek hitzen esanahiak asmatu zituzten ala ez argituz.
Zeanurin ohitura duten moduan, segidillan osatu zuten agurren aurreko azken bertsoaldia Andoni Egaña eta Jon Maiak.