Ekaitz Elorriaga, Arabako Bertsozale Elkarteko Lehendakaria 2014-01-21

"Honek Elkartearen lana dibertsifikatu eta erraztu egingo du"

"Positibo" baloratzen du Araban Kuadrilla Artekoek egindako bidea, eta aurtengoan horretan sakondu nahiko luke. Araban bertsogintza erabilgarri ikusten du hain euskaldunak ez diren giroetan euskara bultzatzeko.
Itxaropentsu begiratzen dio Ekaitz Elorriaga Arabako Bertsozale Elkarteko Lehendakariak aurtengo Bertso-Kuadrilla Artekoari: "lehenengoa egin genueneko apustu bera berresten dugu. Arabako bertsolaritzak gora egin baldin badu lehenengo Kuadrilla Arteko horri esker izan zen. Bigarrenak indartu egin zuen eta honek, autogestioaren bidetik, uste dugu Elkartearen lana dibertsifikatu eta erraztu egingo duela. Zentzu horretan positiboa baino ezin da izan". Aurtengo ekimenak ez du lehiarik izango: "betiko formatuari ihes egiteko proposamenak beti izan ditugu eta zergatik ez dugu aurtengoan egingo? Proposatu da lagunartekoagoa izatea eta berriro itzultzea gu gazteago ginela egiten ziren bertso-desafioetara. Izan dadila bertso-eskolak elkartzeko festa bat txapel baten bila joatea baino gehiago". Taldekako ekimenek banakakoak elikatzen dituztelakoan dago Ekaitz Elorriaga: "Kuadrilla Artekora jauzi egin genuen puntu kritiko batean non banakakoa osatzeko ozta-ozta ibiltzen ginen: bertsolari batzuk ez ziren animatzen, agian formatuarekin nekatu zirelako, eta Kuadrilla Artekoak ekarri zuen akaso banaka plaza batean aritzera ausartuko ez zirenak taldeka animatzea eta behin pausu hori emanda gero banakakoan aritzeko animatzea. 2009ko banakakoan ia-ia gaizki ibili ginen 18 bertsolari biltzeko eta 2011koan 40 bertsolari baino gehiago izan ziren eta aurrekanporaketa bat egin behar izan genuen". Arabako bertsolaritzaren egoerari ere begirada baikorra botatzen dio: "Inoiz baino saio gehiago egiten dira, geroz eta gutxiago daude Elkartearen mende eta hori da honekin ere bilatzen duguna: bertso-eskolak autonomoagoak izatea beren ingurua girotzeko. Araban bertsogintzak eragin handia dauka euskalgintzan, oso fokalizatua dago euskara soziolinguistikoki eta bertsogintza ikusi dugu giro erdaldunagoetan euskara bultzatzeko bide izan daitekeela".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri