Gaur Zumaian, Durangon, Arrasaten eta Errenterian izango dira saioak; bihar Bilbon, Abadiñon, Hazparnen, Azpeitian, Eibarren, Errenterian, Baigorrin eta Arbonan eta etzi Andoainen eta Bergaran.
Bertsoari lotutako hitzordu ugari izango dira asteburu honetan ere. Gaur bertan, Zumaian, Elkartasun bertso-saioa iragarri dute gaueko 22:30etan Aita Mari aretoan. Bertan ariko dira kantuan Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus Maddi Gallastegi gai-jartzaile dutela.
Durangon "bertso merijjendie" izango da iluntzeko 20etan Berbaro elkarteko txokoan. Bertan kantuan ariko dira Gorka Lazkano, Malen Amenabar, Txaber Altube eta Aitor Bizkarra, Peio Azkarateren aginduetara.
Arrasaten bertso-afaria izango da iluntzeko 21etan Santa Ageda auzoan, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluzerekin.
Errenterian "Gure esku dago" ekimenaren aldeko bertso-saio musikatua izango da gaueko 23etan Arkaitza Tabernan. Egoitz Zelaia, Alaia Martin, Jon Martin eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"-k kantatuko dute Haritz Casabal gai-jartzaile dutela.
Biharko beste zortzi saio daude iragarrita. Bilbon bertso-bazkaria izango da eguerdiko 14etan Jon Maia eta Andoni Egañarekin, Kafe Antzokian.
Abadiñon haur eta gazteentzako "Katilukadak" ikuskizuna dago iragarrita arratsaldeko 18etan Txanporta Kultur Etxean.
Hazparnen, Santibate dela eta, herrian zehar bertsolariak ibiliko dira goizeko 11etan hasita. Ortzi Idoate eta Nahia Sasco dira kantatzekoak.
Donapaleun ere eskeko saioa izango da Santibatea direla eta. Arratsaldeko 17:30etan Merkatia estalkitik abiatu eta ostatuz ostatu ibiliko dira Mattin Irigoien eta Pettan Prebende.
Eibarren ere Santa Ageda eskeko saioa izango da egun osoz Arrate bailaran zehar. Juan Mari Narbaizak eta German Meabebasterretxeak kantatuko dute.
Azpeitian bertso-afaria izango da iluntzeko 21etan Mantxinbentan Aitor Sarriegi eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi"-rekin.
Errenterian bertso-afaria antolatu dute Pontika auzoan iluntzeko 21etarako. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak kantatuko dute.
Baigorrin ere bertso-afaria izango da iluntzeko 20etan Bixentaenia ostatuan. Xabier Silveira, Fredi Paia, Maddi Sarasua eta Battitt Crouspeyre dira bertan kantatzekoak, Mattin Luku gai-jartzaile dutela.
Azkenik, Arbonan, Santa Ageda dela eta, Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta bertsotan ariko dira etxez etxe eguerdiko 14etatik aurrera trikitilarien laguntzaz.
Igandean, Andoain eta Bergaran
Azkenik, etzi beste bi bertso-saio izango dira. Andoainen, urtero bezala, Sahararen aldeko bertso-jaialdia izango da eguerdiko 12etan Basteroko areto txikian. Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendik kantatuko dute. Bergaran, berriz, Libre dinamikak antolatutako saioa izango da 18etan frontoian. Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña jardungo dira kantuan Josu Goikoetxea gai-jartzaile dutela.