2009ko martxoaren 28an egin zen, Villabonako Mintzola etxean. 80 bat lagun bertaratu ziren.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteko Batzar Nagusia egin zuen martxoaren 28an. Villabonako Mintzola etxean izan zen bilera hau. Bertan, aho batez onartu ziren 2008ko balantze ekonomikoa eta egitasmoa. Horrez gain, 2009ko aurrekontua eta egitasmoa ere aurrera atera ziren.
2008ko balorazioa Euskal Herriko Bertsozale Elkartearentzat urte "garrantzitsua" izan da 2008a. Alde batetik, genero ikuspegia lantzeko lan-taldea sortu zen. Bestetik, apirilean Legebiltzarrera joan ziren. Bertan, Hezkuntza eta Kultura batzordearen aurrean bere proiektua aurkeztu zuen Elkarteak.
Bestalde, azpiegiturei dagokienez, aldaketa bat izan zen iaz: uztailean Donostiatik Villabonarako jauzia eman zuen. Orain Mintzola Etxean daude elkarteko bulegoak eta dokumentazio zentroa. Villabonako Udalak emandako egoitza da Mintzola Etxea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxak finantzatu dute. Bertsozale Elkarteak hitzarmen bat sinatu du Mintzola Fundazioarekin. Honen bidez, datozen 30 urtetarako erabilera adostu zuten.
Aldi berean, Mintzola Fundazioa ere sortu da. Ahozkotasunaren ikergunea izango da. Fundazioko Patronatuko kide da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Elkarteaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa eta Villabonako Udala dira patronatuko kideak.
Bazkideei dagokienez, 2008an igo egin da kopurua. Gaur egun 2 224 bazkide dauzka Elkarteak.
Transmisioa Hezkuntza arautuari dagokionez, bi kontu aipagarri daude. Batetik, bertsolaritzako irakasleen prestakuntza mintegia egin zen iaz. Bestetik, hezkuntza arauturako eta bertso eskolen erabilerarako material didaktikoa argitaratu zen.
2008ko udan, bestalde, udalekuak antolatu ziren. 200 haur baino gehiagok hartu zuten parte, 7 txandatan banatuta.
Sustapena Urtero bezala, iaz ere Bertso Eguna ospatu zen. "Bertso bertsioa" izenburua aukeratu zuten eta "arrakastatsua" izan zen.
Txapelketei dagokienez, Nafarroa, Araba eta Bizkaiko txapelketez gain Iparraldeko txapelketa ere antolatu zen lehen aldiz.
Hedabide berri bat ere sortu zen iaz: Bertsoplaza tv. Horrez gain, Hitzetik Hortzera programa errotik berritu zen.
Ikerkuntza Bertso estrofak izendatzeko irizpideak osatu ziren 2008an. Ikastaroei dagokienez, Bertsolantegiaren bigarren edizioa egin zen, Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera udako ikastaro bat antolatu zen. 1995. urtetik lehenengo elkarlana izan zen iazkoa. "Denbora jakinean egin beharreko sormen lana" izan zen ikastaroaren izenburua.
2009ko helburuak: Transmisian datozen urteetarako plana diseinatu behar da.
Sustapenean Nafarroa eta Arabako txapelketak jokatu dira aurten. Gainera, udazkenean Euskal Herriko Txapelketa Nagusia izango da.
Ikerkuntzan Mintzola ikerguneak ematen dituen aukerak aprobetxatzen saiatuko dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.