Bere omenezko bertso-afaria izango da gaur Lazkaomendiko elkartean. Jokin Sorozabal eta Sebastian Lizaso dira bertan kantatzekoak.
16 urte beteko dira gaur Lazkao Txiki hil zenetik. Bere omenez, bertso-afari bat antolatu dute gaurko Goierriko Euskal Eskolak eta Lazkao Txiki taldeak. Saioa iluntzeko 20:30etan hasiko da Lazkaomendiko elkartean. Jokin Sorozabal eta Sebastian Lizaso dira bertan kantatzekoak.
1926ko irailaren 15ean jaio zen Joxe Migel Iztueta Lazkaomendiko Abaliñe baserrian. Eskolan oso azkar ikasi omen zuen irakurtzen eta idazten, eta 9 urterekin ikusi zituen bertsolariak lehen aldiz. Zepai eta Uztapide ziren kantuan orduan, eta izugarri gustatu omen zitzaizkion. Halaxe piztu omen zitzaion bertsotarako grina.
1943an kantatu zuen lehenengo aldiz jende aurrean, Basarri eta Saibururekin. Geroztik asko aritu zen plazan Uztapide, Zepai, Mitxelena, Xalbador eta beste hainbatekin. Mattinekin bikotea osatuz aritu zen maiz kantuan. Umore handiko bertsolaria zen, baina gai sakonetan ere entzulearengana heltzen zekiena. Txiste kontalari lanetan ere trebea zen.
Txapelketetan ere ibili zen. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bi aldiz izan zen txapeldun (1964an eta 1965ean), eta beste bitan txapeldunorde (1950ean eta 1962an). Euskal Herriko Txapelketan, berriz, bigarren izan zen 1965ean, Uztapideren atzetik.
1976an omenaldia eskaini zioten Donostian, eta 1993ko urtarrilean kantatu zuen bere azken bertsoa. 1993ko apirilaren 3an hil zen, bihotzeko ebakuntza baten ondoren.
Bere bizitzan oinarritutako marrazki bizidun batzuk egin ziren.
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik hemen.
Berak bat batean kantatutako zenbait bertso daude hemen.