Erniarraitz Sariketa 2014-02-14

"Nik uste saioak oso politak joan direla"

Xabier Azpillagak eta Eneritz Artetxek sariketak bere zazpi edizioetan egindako ibilbidearen errepasoa eta aurtengoaren balorazioa egin dute.
 Aurten zazpigarren edizioa bete du Erniarraitz Sariketak. Sortu zeneko helburuari eusten dio, Xabier Azpillagaren hitzetan: "Bertsolari gazteei aukera bat ematea, plazetan gutxiago dabiltzan gazteei aukera bat eskaintzea". Bi urtetik behin antolatzen dute sariketa eta, Eneritz Artetxek azaldu duenez, bilakaera bat izan du: "Eskualdeko bertsolariekin egin zen lehenengo aldiz eta

gaur egun Euskal Herri osoko bertsolariak aritzen dira kantuan. Pixkanaka-pixkanaka indarra hartzen ari da". Dena den, oraindik ere eskualdeko bertsolariek lehentasuna izaten dute: "Hiru kanporaketa izaten dira seikoak, eta, beraz, denera 18 bertsolarik hartzen dute parte. 18 horietan lehentasuna ematen diegu Erniarraitzeko kideei eta falta direnetan saiatzen gara Euskal Herri osora iristen, baina denera ezin da iritsi eta seguru batzuk ahazten zaizkigula. Horregatik, bi urtez behin izanda, aldatzen saiatzen gara".

 Jende asko kanporaketetan

 Aurten kanporaketetan jendearen erantzuna "ikaragarria" izan dela dio Eneritz Artetxek: "Errezilen juxtu-juxtu sartu ginen, 130 bat lagun. Azkoitian ere pixka bat gehiago izango ziren. Ez genuen hainbeste jende gerturatzea espero eta lekuak txiki xamar gelditu zaizkigu". Xabier Azpillaga ere bat dator: "Nik uste saioak oso politak joan direla, bertsolari gazte berri asko etorri direla, ezagutzen ez genituenak batzuk, eta finalerako oso seikote polita pasa da. Eta Azpeitiko Gaztetxea berme bat da saio ona entzuteko".

 Eneritz bera finalean ariko da, eta baikor begiratzen dio gaur gauekoari: "Azpeitiko Gaztetxea beti izaten da plaza ona: jendearen erantzuna oso ona izaten da bertso bakoitzeko, giro bero-beroa egoten da... Animoz nik uste seirok ere ondo joango garela eta han elkartuko diren 300-400 lagun horiei zor diegula hainbeste". Badira urteak finala gaztetxera eraman zutenetik eta, Eneritz Artetxeren hitzetan, naturala da bertara joatea: "Ekintza kulturalak antolatzen dituzte urtean zehar, bertso-saioak ere bai, bertso-afaria, txotxaren irekieran bertsolariak izaten dira, Bertso-Parrandako finala bertan egiten da... Elkartzen garen jendea elkartzeko leku egokia da eta, horrez gain, Gaztetxeak herrian egiten duen lana estimatzen du".

 Bertsozaleak sortzeko aukera

 Sariketak gainera bete-betean erantzuten dio Erniarraitz Bertsozale Elkartearen filosofiari: "Erniarraitzen helburua ez da bertsolariak ateratzea, bertsozaleak ateratzea baizik. Eta bertsozaleen artean daude gai-jartzaile, epaile eta bestelakoak. Sariketan ere antolatzen Erniarraitzeko kideak aritzen gara, gai-jartzen, gaiak prestatzen eta epailetzan ere bai. Eta sariketaro saiatzen gara gogoa daukanari aukera emateko gai-jartzaile, epaile edo bestelako lanetarako".

 Finala 22etan

 Gaur jokatuko da finala, beraz, Azpeitiko Gaztetxean gaueko 22etan. Hauxe da bertara sailkatu den seikotea:

 Saioa Alkaiza
 Amaia Iturriotz
 Nerea Ibarzabal
 Iosu Oiartzabal "Xenpelar"
 Eneritz Artetxe
 Nekane Zinkunegi

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri