Ostiralean Fox tabernan egin zuen geldialdia Martxoan Bertsoako txapelketak eta hiru taldek neurtu zituzten indarrak: Udanako Kurbak (Asier Iriondo, Ulises Galdos, Gorka Azkarate), Botxan Magoa (Beñat Torres, Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru) eta Zazpiko Txikia (Andoni Biain, Aitor Zaldua, Beñat Idiakez). Saioa inoizko jendetsuena izan zen, taberna leporaino bete zen eta umoretik joan zen bertsolarien jarduna saio osoan zehar. Unai Kerejeta gaijartzaileak ere izan zuen, noski, horretan eraginik.
Nabarmentzekoa da Arkaitz Aizpuru debutariak eman zuen maila, batetik, eta Zazpiko Txikia taldeko hirukoteak erakutsi zuen tenplea eta plazarako jarrera, bestetik. Jendeaurrean oso gutxitan jardun izanagatik ez ziren kokildu eta maila bikaina eman zuten saio osoan zehar. Beste bertsolariak plazan aritzera ohituagoak daude eta horiengandik espero zitekeen maila eman zuten saioaren joanean. Azkenean, Botxan Magoko gazteak izan ziren irabazle, nahiz eta ez zuten finalerako adina puntu batzea lortu.
Larunbatean, berriz, Igartubeitin zuten zita Martxoan Bertsoa jarraitzen duten bertsozaleek. Ohi bezala, lehenbizi bertso saioa izan zen, Martxoan Bertsoako kanporaketa hain juxtu, eta segidan Barrikotea, sagardo dastaketa eta mokadua. Kanturako hiru talde nor baino nor: Gabiri2 (Mikel Asurabarrena "Teo", Endika Igartzabal "Anbu" eta Aitzol Iturbe "Aiztol"), Atzeko Kaleko Mutilak (Asier Sasieta, Xabier Elgarresta, Gorka Santesteban) eta Gabiri3 (Aratz Igartzabal "Potto", Paul Iruretagoiena, Mikel Tapia). Itziar Etxezarretak jarri zituen gaiak.
Agurrak umoretsuak izan ziren oso eta ondoren maila handiko bertso saio bat entzuteko aukera izan zuten bertaratu ziren bertsozaleek. Gabiriko bi taldeek haseratik erakutsi zuten beren maila, eta Atzeko Kaleko Mutilak ere ez ziren atzean geratu. Bertso on asko entzun genituen, eta nabarmentzekoa da Paul Iruretagoienak, Aratz Igartzabalek, Asier Sasietak, Aitzol Iturbek eta Endika Igartzabalek emandako maila, saioko bertsolarietako batzuk nabarmentzearren. Edozein kasutan, maila handiko saio ederra izan zen esan bezala, Igartubeiti bezalako leku berezi batean sortzen den giroan. Gabiri2 taldeak irabazi zuen kanporaleta eta finalerako txartela lortu zuen, erakustaldia eman ondoren.
Igartubeitin, baina, dena ez da bertsoa eta Barrikoteak ere bere bidea jarraitu zuen ohi bezala. Aurtengoan, Ezkio-Itsasoko haurreskola martxan jarri duten gurasoek izan dute txotxa irekitzeko ohorea, eta Asier Sasietak egindako bertso eder batzuk kantatu ziren sagardoa dastatu aurretik.
Jakina den bezala, Martxoan Bertsoako finala martxoaren 28an jokatuko da Gaztelekun, gaueko 11etatik aurrera.