"Nahiko genuke bertsolaritza teoria aplikatu bat izatea"
Bertsolaritza herriko dinamikan txertatuta ikusi nahiko luke. Eskolartekoaren diseinu berriarekin jardun "pedagokikoagoa" bultzatu nahi da sormena garatzeko. Araban Eta Nafarroan administrazioarekin arazoak izan arren proiektuei eutsiko zaiela dio.
Badira urte batzuk Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea Eskolartekoaren inguruan hausnarketan hasi zirenetik. Aurtengoan diseinu berria jarri da abian. Gaztetxoen mailan lehia ezabatu egin da eta helduagoek ere lehiakortasun baxuagoko eredu batera jo dute. Iñaki Muruak halaxe azaltzen du erabakia: "Nahiko genuke jarduna pedagokikoagoa egitea sormena garatzeko. Hainbeste norgehiagokara bultzatu baino nahiko genuke sormena garantiarekin, jolasean, hizkuntzarekin kukuak eginez gozatzea. Eta helduagoek lehia kutsua eskatzen zutenez, mantenduko dugu baina testuinguru goxoagoan. Ez hainbeste plazako urruntasun horretan, baizik eta elkarte batean eta presio gutxiagorekin. Gozatzeko aukera ematea bilatu da".
Horrez gain, bertsolaritzaren transmisiorako mapa osatu du Bertsozale Elkarteak, tokian tokiko eragileak kontutan hartuta: "Nahiko genuke bertsolaritza ez izatea teoria huts eta bertsoaren teknika dominatzea soilik baizik eta teoria aplikatu bat izatea herriko dinamikan eta herriko ekintzetan bertso-eskolek eta zaleek bat eginez eta euskarari eta euskal kulturari egin diezaioketen ekarpena eginez eta herri mailan eraginkor izanez".
"Proiektuak ez ditugu atzera utziko"
Azken hilabeteotan Bertsozale Elkarteak zenbait arazo izan ditu Nafarroako Gobernuak eta Gasteizko Udalak bertsolaritzaren transmisio proiektura bideratu beharreko baliabideak murriztu dituztela eta. Datorren urterako ez du egoera asko aldatzerik espero: "Ez daukagu esperantzarik gauetik goizera gauzak aldatuko direnik. Euskarari dagokionez diru-kutxak itxita aurkitzen ditugu. Jende horren buruetan sartu beharko dugu egiten dugun jarduna jendearen izaera aberasteko baliagarri dela eta alde horretatik ate joka segi beharko dugu. Lortzen duguna ongi etorria izango da eta, bestela, denon artean aurrera egin beharko dugu. Proiektuak ez ditugu atzera utziko; Elkartasun Kutxa bat ere badaukagu eta hortik erantzungo zaie bi eskualde hauei edo antzeko egoeran egon daitekeenari".