Iñaki Murua Sustapenaz 2014-04-04

"Bertsogintzaren garapena ikusten dut ikerketan oinarrituta"

Bertsogintzaren egoerari dagokionez, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakariak emanaldi berezien igoera azpimarratzen du. Bertso Egunaren ondoren, generoaren inguruan egiten ari den lanketan segi beharra dagoela dio.
 Krisi garaiak izan arren plazaren egoeraren inguruko argazki baikorra egiten du Iñaki Muruak: "Plazako saioetan bereziki seiko edo zortziko saioak pixka bat erori egin dira kopuruan; lagunarteko bertso-bazkari edo afariak mantendu edo igo... baina ni bereziki pozik nago ekitaldi berezien igoerarekin. Lankuren bidez bertsolariak zirikatu eta ateratzen diren formatu berriak dira gizarteko sektore berriei zuzenduak. Hori derrigor egin beharreko ekintza bat da eta diruak hainbeste eragin duen gizarte honetan eskaintza berezien aukera heren bat edo gehiago igotzea zoragarria da".

 Bertsogintzaren inguruan balorazio baikorrak egiten diren garaiotan, garbi dauka non dagoen garapenerako gakoa: "Bertsogintzaren garapena ikusten dut ikerketan oinarrituta. Ikertu beharra dago zertan ari garen asmatzen, baina zerbait dinamikoa da. Gizartea dinamikoa da, bertsogintza dinamikoa da, eta bi dinamikak batera xamar joatea komeni zaigu eta horretarako gure hutsuneak ondo ikertu behar ditugu. Formazioa eskaini beharra dago bai gai-jartzaile eta bai epaileentzat eta bertsotan ari denak ere gogoeta egin behar du nola komunikatu, zer komunikatu, nora iritsi, bereziki tragedia lantzen den garai hauetan umorea nola landu... Erantzun bat ematen saiatu behar da eta proposamen berriak eskaini".

 "Generoaren gaia kontuz eta sentiberatasunez landu behar da"

 Aurtengo Bertso Egunean generoaren gaia landu zen oholtza handi batean. Gainera, Bertsozale Elkarteak badu bere Genero Batzordea ere: "Jende multzo handi bat ari da gai hori lantzen. Udalekuetako monitoreetatik hasi eta Bertso Egunean kantatu zuen 60 urteko pertsona horrenganainoko abaniko hori ari da lanean, ondo pasaz elkarren artean. Dena dago egiteko. Kantatzeko garaian ere zer esanik ez: dena dago ikertzeko gai horretan, poliki-poliki ari gara, egia da Bertso Eguneko esperientzia aurrerapauso bat izan zela eta gure onura eta gabeziak begi-bistan jarri genituela. Sentiberatasun berezia sortzen duen gai bat da eta bertsozaleak ere hausnartu behar du guk ematen diogun hura. Beraz, lehengo bi alde dinamiko horiek elkarren parean joateko ahalegina eta bista behar da. Kontuz eta sentiberatasunez landu beharreko gaia da. Nik uste oso ondo ari direla. Ikusten dut, baita ere, gizonezkoaren presentzia eskatzen duela gaiak. Ezin gara ibili alde batetik emakumezkoen multzo hori eta bestetik gizonezkoak: batera egin beharreko bide bat daukagu eta gizonezkoak animatu eta parte hartzera bultzatu behar ditugu. Denon artean gaia lantzea lorpen handi bat litzateke. Seguru nago asmatuko dugula".

 Azkenik, hedapenerako tresnen garrantzia ere azpimarratu du: "Hitzetik Hortzerak 25 urte bete ditu, beraz badauka jarraitzaile tipo bat astero 20 000 ingurukoa. Horiek elikatzen segi behar dugu, funtzio garrantzitsua betetzen du. Eta interneteko leiho guztiak zabalik dauzkagu: egon behar dugu hor belaunaldi berriek hortik elikatzen baitute beren bertso-gosea. Pantailan ez egotea ez existitzearen pareko da. Beraz funtzio ezinbestekoa betetzen ari da Bertsoa.com belaunaldi berriei begira".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri