"Mundura begira bertsotik jarri ahal izatea eta munduko beste kultura batzuekin konpartitzea gurea; hori da herrigintza niretzat"
Iaz lehenengoz atera zen Mikel Laboa beka deialdia bertsolaritza ikertzeko, eta Miren Artetxeren ikerketaz aritu da Iñaki Murua. Kulturartean eta Mintzolan Elkargunean egin daitekeena azpimarratu du.
Iaz Mikel Laboa Katedrak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mintzolak elkarrekin atera zuten bertsolaritza ikertzeko beka deialdia. Miren Artetxek lortu zuen beka eta Iparraldean bertso-eskolek euskararen transmisioan duten eragina aztertuko du bere ikerketan. Iñaki Muruaren hitzetan, "guri ilusio berezia egin zigun Mikel Laboa beka EHUrekin elkarlanean atera ahal izateak; Miren Artetxe bezalako bertsolari, bertsozale, gazte batek hartzeak eta Iparraldean ikerketa hau burutu ahal izateak. Ikusi nahi genuke bertsolaritzatik euskaraz bizi den gazteak eta ez hain gazteak daukan eragina. Zertan ari garen asmatzen, ze hutsune dauzkagun, aurrera zertan eragin, zertan aritu behar dugun... jakiteko ezinbesteko ikerketa izango da eta nik uste hor esperimentatutakoa gero Euskal Herri osoan egiteko gai izan beharko genukeela baina hori Mikel Laboa eta Bertsozale Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza izan beharko luke". "Bertsolaritza ez da isolatutako jarduera bat"
Mintzolaren lan-ildoetako bat da ahozko kultur generoen arteko elkargunea. Bertsolaritzak ze onura jaso dezakeen galdetuta, garbi dauka Iñaki Muruak: "Ez diogu begiratu behar jasoko dugunari bakarrik: bertsolaritza ez da isolatutako jarduera bat, euskaratik euskarara eta kulturatik kulturara jardunean ari den genero bizi bat da eta beste genero bizi eta ahozkotasunarekin zerikusia daukatenekin elkarlanean aritzeak guri ekarpenak egingo dizkigu eta aberastu egingo gaituzte antolaketa mailan, elkarte bezala, erakutsi dezakegunagatik, sinergiak elkarbanatuz... Horrek izugarri aberastuko gaitu. Gero eta gertuago gaude hori gauzatzetik eta benetan eta bereziki ilusio izugarria egiten didan alor bat da. Ea gehiago borobiltzen dugun".
"Nik uste lasaitu galanta hartu genuela munduan bakarrak ez ginela ikuste horrekin"
Bestalde, Munduko Kantu Inprobisatuekin ere harremanak lantzen ari da Bertsozale Elkartea: "Orain dela urte batzuk, mundura lehen aldiz kuku bat egin genuenean jabetu ginen bertsolaritza ia kultura guztietan zegoela edo egon zela. Orduan konturatu ginen ez ginela munduko zilborra. Nik uste dut lasaitu galanta hartu genuela munduan bakarra ez ginela ikuste horrekin. Zer ikasi handia daukagu eta frogak ere badauzkagu. Beste bertsolaritza batzuetatik hartutako doinuak erabiltzen ditugu eta gureak hemendik kanpo ere erabiliko dira seguru. Konpartitzea eta mestizaia hori oso interesgarria da eta mundura geroz eta gehiago irten behar dugu eta irtengo gara. Gure mapa asko ari da aldatzen eta horri begira jartzea euskaldun gazteak izugarrizko aberastasuna da eta proiekzio zoragarria; mundura begira bertsotik jarri ahal izatea eta munduko beste kultura batzuekin konpartitzea gurea; hori da herrigintza niretzat".