Aurretik murrizketa ugari izan da 2014-04-09

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du "Bertsolaritza irakaskuntzan" programako finantziazioa

Egoera azaltzeko, prentsaurrekoa eskaini dute Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Lorea Arburua eragileak. NIZE (Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartea) elkartearen izenean Beatriz Casanovak babesa agertu die.
 Urteak ziren Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamendua "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa finantzatzeko gora-beherekin hasi zenetik. Ia 20 urtez Nafarroako sare publikoan bertsolaritza landu ondoren, azkenean Foru Gobernuaren finantzaziorik gabe geratu da programa. Egoeraren aurrean, gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Iruñean, Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan. Bertan izan dira, Nafarroako Bertsozale Elkartearen izenean, Alaitz Rekondo lehendakaria eta Lorea Arburua eragilea. Beatriz Casanova ere bertan izan da, NIZE (Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartea) elkarteko koordinatzailea eta Patxi Larrainzar Ikastetxeko zuzendaria.

 "Modu duin eta iraunkorrean" finantzatzeko eskaera

 Alaitz Rekondok azaldu duenez, 1997an hasi ziren D ereduko gazteekin bertsolaritza lantzen. Urteetan, LHko 5. eta 6. mailako ikasleek urritik maiatzera landu izan dute programa, 30 orduz talde bakoitzeko. Nafarroako Bertsozale Elkartea arduratu izan da programa lantzeaz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin lortutako akordioei esker. Dena den, hortik finantziazio aski lortu ez eta udal eta mankomunitateek lagundu izan diete finantziazioan. Gaurko agerraldian salatu duenez, murrizketak "etengabeak" izan dira Foru Gobernuaren aldetik.

 Hala ere, egoerak nabarmen egin zuen okerrera 2012ko ekainean, Gobernuak programaren finantziazioa "bertan behera" utziko zuela adierazi ondoren. Egoera publiko egin eta salatu ondoren, murriztuta bazen ere finantzaketari eusteko konpromezua hartu zuen Foru Gobernuak, harik eta 2013ko irailean adierazi zuen arte ez zuela hitzartutako partida exekutatuko. Gaur egun ez du euro bakar bat ere bideratzen "Bertsolaritza irakaskuntzan" programara, eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen "proiektua bera kolokan" jarri du. Horren aurrean, eskari garbi bat egin dio gaur Hezkuntza Departamenduari: "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa modu "duin eta iraunkorrean" finantzatzeko.

 2009tik 52 000 euroko murrizketa

 Lorea Arburuak Nafarroako Bertsozale Elkartearen eta Hezkuntza Departamenduaren arteko harremana xeheago azaldu du. 2005ean hitzarmena lortu eta urte horretatik 2011ra bitartean kontratu bidezko egonkortasuna izan zuen programak. Hala, 50 taldetara iritsi ziren urtero, bakoitzean 30 ordu emanda. Kontratua eten ondoren, beste bat negoziatu zuten, hiru urtetarako. 48 000 euro bideratzeko konpromisoa hartu zuen orduan Hezkuntza Departamenduak, 48 taldetara iristeko. Baina 2012ko maiatzean jakinarazi zuen kontratua bertan behera uzten zuela eta urtean urtean negoziatu beharko zela. Hala, %32ko murrizketa bat egin eta programa 30 ordutatik 15era murriztu zuen. Baina ekainean berriz ere adierazi zuen kontratua bertan behera utziko zuela. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egoera publikoki salatu zuen orduan, eta parlamentuko taldeen babesa jaso ondoren, irail hasieran Hezkuntza Departamenduak baldintzei eutsi egingo ziela adierazi zuen.

 2013ko ekainean berriz ere Foru Gobernuarekin elkartzen saiatu zen elkartea, baina ez zen negoziaziorik abiatu. Hala, Gobernuak jakinarazi zuen irailetik abendura artekoa ez zuela finantzatuko, ez zelako "lehentasunezko programa". Azaroan hitz egitekotan geratu baziren ere, Lorea Arburuak salatu du geroztik ez dutela berririk izan, programa ikastetxeetan ematen jarraitu badute ere, 10 talde gutxiagorekin. Gaur egun 1434 gazterengana iristen da programa udal eta mankomunitateen finantzaketarekin; 65 talde dira denera. Hala ere, 2009tik hona izandako murrizketen ondorioz urtean 765 ordu gutxiagotan ematen da programa.

 Salatu duenez, egoerak urteetako lanaren etorkizuna "kinka larrian" utzi du. Foru Gobernuko Hezkuntza Departamenduak konpromisoak betetzeko daukan "seriotasun falta" salatu du Lorea Arburuak eta iragarri du apirilaren 29an parlamentuko lan saiora joango direla. Aurrerantzean programak jarraituko duela agertu du, udal eta mankomunitateekin konpromisoa hartuta baitago, baina ezingo da bere osotasunean eman.

 "Tresna beharrezkoa da"

 Azkenik, Beatriz Casanovak adierazi du programa "tresna beharrezkoa" dela. Bertsolaritzaren oinarriak agertzeaz gain, euskara tresna moduan lantzen dela azaldu du, eta jolasaren bidez euskara bultzatzen duela. Gainera, klaseko lanaz gain ekintza osagarriak ere egiten direla esan du. Ikastetxeetako balorazioak urtero "oso onak" izaten direla azpimarratu eta programaren ordu kopurua handitzea gustatuko litzaiekeela adierazi du. Egoeraren aurrean "harridura, kezka eta haserrea" agertzeaz gain, Elkartearen lana babestu du. Gainera, Hezkuntza Departamendura programak jarraitzeko eskaera tramitatuko dutela aurreratu du.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri