Peio Ormazabal, Ane Labaka eta Ander Solozabalekin hizketan 2014-04-10

"Bertsolaritza gero eta anitzagoa da"

Bertsogintza berritzen ari delakoan daude hirurak. Ez dakite hemendik urte batzuetara plazari lotuta jarraituko duten, baina bai bizitzari "sorkuntzaren prismatik" begiratuko diotela. Bertsolaritzak eskainitako inguruari garrantzia ematen diote.
 Bizkaitarra da Peio Ormazabal, gipuzkoarra Ane Labaka eta arabarra Ander Solozabal. Hala ere, hirurak nahiko hurbil sentitzen dira elkarrengandik. Gaur egun bertsogintza nola bizi duten galdetuta, halaxe dio Ander Solozabalek: "Euskal Herrian bailara bakoitzean badaude kode batzuk, hizkuntza bat, gauzak esateko modu bat, umore bat... Ni Peiorengandik hurbil sentitzen naiz umorean baina batzuetan gertatu zaigu ez ulertzea. Ez dugu esan nahi oso azkarrak garenik, baina batzuetan jendeak pentsatzen duenaren kontrakoa etortzen zaigu burura. Peio Ormazabalek "zalantzak" dauzka bertsogintzari ematen zaion irudiaren inguruan: "Kanpora begira badago irudi bat: "bertsoa, txapelketa, saio handietan kantatzen duen jendea...". Zalantza daukat ze neurritaraino jo duen goia formatu horrek. Gehiago zentratuko nintzateke mediatikoki hainbestera iristen ez direnetan: bertso-musikatuak, poesiarekin egiten diren saioak, generoaren inguruko lanketak... Nik uste dut hor badagoela kanpora hainbeste islatzen ez den zerbait. Horrek elikatzen du kanpora ateratzen dena, aldaketa kualitatiboak hor ematen dira. Goian perfekzionatu eta muturrera eramaten da. Horrelako gauzetan gozatzen dut benetan".

 Ander Solozabalek bertsogintzari mugimendu gehiago emango lioke: "Batzuetan estatikoegia da bertsolaritza. Aipatu da musikatuena. Horrek erritmo aldetik azkartu egiten du pixka bat, bestela bertso bat entzuteko minutu bat behar izaten da. Nik uste dut horrekin ere jolastuko dugula. Ari gara estatiko izate horretatik urruntzen". Aldaketa zabalago bat gerta daitekeela uste du Peio Ormazabalek: "Bertsoa berez da zurruna. Orain ari dira gauzak aldatzen, esperimentatzen, baina bertsoa sorkuntza eta inprobisazio aldetik oso mugatua dago: ez da poesia. Egitura hori ari gara aldatzen".

 "Ez dut imajinatzen bertso mundutik oso urrun egongo naizenik"

 Hemendik hamar urtera non egongo diren galdetuta, bertsolaritzaren inguruan ibiliko delakoan dago Ane Labaka: "Bertsolaritza gero eta anitzagoa da. Ikusten dudana da sekulako arrakasta izaten ari direla beste formatu horiek eta bazegoela beharra betikoaz gain esperimentatzeko. Gustura egongo banintz gustatuko litzaidake bertsotan jarraitzea. Eta bertsolari eta bertsotan ari den hori bezala ez balitz ere, gustatuko litzaidake bertso-eskolak ematea... Ez dut imajinatzen bertso mundutik oso urrun egongo naizenik. Niri benetan gustatzen zaidan zerbait da". Peio Ormazabalek ere halaxe ikusten du bere burua: "Bertsotan gustura nabilen bitartean eta zerbait aportatzen didan bitartean aurrera. Karga bihurtzen bada zalantzarik gabe ez dut karga hori eramateko asmorik. Ziurtasunik esan dezakedan bakarra da bertso-munduan ezagutu dudan jendetik aparte ez dudala imajinatzen nire burua. Bertsoa gainditu du horrek. Nik egin ditudan lagun onenetakoak bertsoaren inguruan egin ditut".

 Ander Solozabalen iritziz, bertsotan aritzeak jarrera sortzailea eman die hirurei: "Bertsotan jarraituko dudan ez dakit baina nik uste bidea ireki digula sortzeko, eta zortziko txikian handian ez bada ere, beste modu batean bada ere, hirurok jarraituko dugu horretan". Peio Ormazabalek moztu dio: "Eta munduari sorkuntzaren prisma horretatik begiratzen. Behin buruan "klik" hori eginda ezin da kendu. Sortzea edozer izan daiteke: idaztea, graffiti bat egitea... Sortzea zerbait infinitua da eta behin satisfakzio hori probatuta beti jarraitzen da".

 Peio Ormazabalek eta Ander Solozabalek txapelketan segi edo ez egiten dute zalantza. Anderrek halaxe dio: "Zerbait kuantitatiboa baino kualitatiboa izan dadila. Ez daukagu zertan txapeldun bat behar izan, behar ditugunak dira 10 pertsona gustatzen zaienak gure mundua ikusteko modua. Ez daukagu zertan gure burua puntuatu beharrik". Ados dago Peio ere: "Iruditzen zait txapelketa dela emulatzea gizartean egiten dena. Eta bertsoak badu transformaziorako gaitasun hori. Txapelketa lehia estetikoa da, kanpora begirako lehia bat, zure buruaren kontrako lehia bat, ez dago ribalitaterik. Niri sortzen zaidan zalantza da: orduan zergatik lehiatu behar dugu? Gutxietsi gabe txapelketan jendeak egiten duen ahalegina, egiten duen ekarpena...". Ane Labakak txapelketaren bideari ere ematen dio bere balioa: "Nik ez dut gaizki ikusten: txapelketan kantatu nahi baduzu kantatu, gaztetxe batean gitarrarekin kantatu nahi baduzu, kantatu... Nik osagarri ikusten ditut".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri