Peio Ormazabal, Ane Labaka eta Ander Solozabalekin hizketan 2014-04-10
"Kosta egiten zait nire burua zentratzen bertso munduan"
Eskolarteko Txapelketetatik pasa ziren hirurak. Urduri aritu arren ateak zabaldu zizkielakoan daude. Gaur egun gustura dabiltza bertsotan, nahiz eta zalantzak izan tarteka jarraitu edo ez.
Eskolarteko Txapelketetan sari ugari irabazitakoak dira Ane Labaka, Peio Ormazabal eta Ander Solozabal. Hala ere, hirurek onartzen dute urduri aritzen zirela. Ane Labakak halaxe dio: "Urte osoko saio bakarra zen, gure kasuan bost bertso... Nik ere presioarekin gogoratzen dut, ez nuela ondo pasatzen. 13 urterekin kantatuko nuen lehenengoz eta gero hasi ginen ezagutzen eskolartekotik kanpo zeuden beste sariketa batzuk. Nik gogoratzen dut Plazatik Gaztetxera-n kantatu nuela, eta hor jada nabaritzen nuen beste espazio batzuk bazeudela eta hor sentitzen nintzen eroso." Peio Ormazabalek ere Eskolartekoak ateak "zabaldu eta itxi" egiten zituela uste du.
Gaur egun bertsotan gozatzen duten galdetuta, kosta egiten zaie erantzutea. Ander Solozabalek "zaila" dela dio norbere bertsokeraz jabetezea: "aldartearekin eta egoera emozionalarekin batera baitoa. Zalantza izaten da nola zauden... Ez daukazu ikuspegirik zure bertsokeraz".
"Naturala da bertsoa utzi edo ez zalantza izatea"
Hirurek onartzen dute bertsotan segi edo ez erabakitzeko "krisia" izan zutela. Ane Labaka: "Krisia nahiko bateratsu bizi izan genuen, utzi edo ez utzi. Nire kasuan eskolarteko txapelketaren bukaerarekin lotuko nuke. Hasi nintzen pentsatzen ordura arte pentsatu gabeko gauzetan: zer zen nik esan nahi nuena, zertarako izan nahi nuen bertsolari, zer neukan bertsolaritzari aportatzeko...". Peio Ormazabalek beste elementu bat eransten du: "Nik orain ikusten dut zalantzan. Kosta egiten zait nire burua zentratzen bertso munduan, ez dakit kantatzen dudan nahi dudan bezala... Nik uste naturala dela eta bertsoa utzi edo ez beti eduki dugu hor." Ander Solozabal ere bat dator beste biekin: "Agian ez nuen nik esan nahi nuena esaten, horrek sortzen zizkidan dudak. Zenbait lehiatan ikusten nuen bertsotan aritzeko era ezberdinak zeudela. Niretzat inprobisazioak dauka grazia: zerbait freskoa... Hor ikusten dut esentzia. Horregatik sentitu izan naiz arraro".