Peio Ormazabal, Ane Labaka eta Ander Solozabalekin hizketan 2014-04-10

"Bizitzan sinesten ditugun gauzak bertsotan transmititzen saiatzen gara"

Gaur egungo bertsolari gazteek taldean elkartzeko beharra azpimarratu dute hirurek, bai saioen banaketa hobeto egiteko eta baita esperimentatzeko eta eztabaidatzeko ere.
 Orain dela urte batzuk izan ziren bertsolari gazteak elkartzeko ahaleginak. Gaur egun ere Peio Ormazabali gustatuko litzaioke horretarako aukera izatea: "Niri gustatuko litzaidake nire egoeraren arabera erregulatu ahal izatea saioak. Badauzkat boladak saio pila batekin eta beste bolada batzuk, bertsotan asmatu arren, hilabetean birekin. Zerbait sortzea gustatuko litzaidake bertsolariok erabaki ahal izateko kantatu nahi dugun erritmoa eta, bestalde, gazteok ez daukagu harreman integralik: saioetan elkartzen gara baina ez dugu eztabaidarik egiten eta gauza asko proba litezke. Ez dakit Hamaika Bertute izan behar duen baina nik horren falta nabaritzen dut, ez hainbeste saioetarako baina bai eztabaidarako, esperimentaziorako...". Ane Labakaren ustez zortea izan dute Gasteizen topo eginda: "hemen badaukagu lotura bat, egiten ditugu eztabaida horiek, baina gure adineko bertsolari gazte askorekin ez daukagu aukera hori". Ander Solozabalek ere elkartu beharra nabarmendu du: "Guk zortea izan dugu indibidualki saio asko egiteko, baina, kolektiboki, gure adineko gazte asko dago bertsotarako gogoz baina saio gutxirekin. Nik uste hori birplanteatzeko bagarela gai eta egin daitekeela".

 "Plazatik kanpo pentsatzen dudana kantatzen saiatzen naiz"

 Hirurak bertsotan ahalik eta koherenteen aritzen saiatzen dira. Peio Ormazabalek hala dio: "Peio izaten saiatzen naiz bertsotan, ni izaten eta ahalik eta gutxien antzezten. Ez naiz gai nire bertsokera kanpotik analizatzeko. Zirkuitu eta errutina batzuetan sartuta gaude eta zaila da definitzea". Ander Solozabal ere ados dago: "Daukazun aldarteak eragiten du modu batean kantatzea, zuzenago kantatzea, ironikoa izatea... Hirurok orokorrean badaukagu hori: bizitzan sinesten ditugun gauzak bertsotan transmititzen saiatzen gara. Zerbait uste badugu horrekin kontsekuente kantatzen saiatzen gara". Ane Labakak ere hori du helburu: "Bat-batean ez da erraza izaten beti asmatzea, baina ni ere plazatik kanpo pentsatzen dudana kantatzen saiatzen naiz".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri