Peio Ormazabal, Ane Labaka eta Ander Solozabalekin hizketan 2014-04-10
"Bertsolaritza egiteko modu asko daude"
Gasteizen badaukate, maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin izan arren, elkartzeko ohitura. Plazan gora-beheratsu sentitzen dira hirurak.
Peio Ormazabalek garbi dauka Gasteiza joan izanak bere bertsoa ulertzeko moduan eragin duela: "Txapelketak inoiz ez dira nire agendaren erdigunean egon. Baina bukatzean etorri nintzen Gasteizera. Noizbait egon banaiz motibatua bertsotarako orduan izan zen. Hor hasi ginen bertso-eskolarako gelditzen, afariak, poteoak... Hau zela nire lekua sentitu nuen. Araban badago bertsoa ulertzeko oso modu partikular bat eta ni asko identifikatzen naiz horrekin: denbora-pasa on, fresko eta erraz bat. Beste leku batzuetara joanda edo beste inguru batzuetan ez da horrela ulertzen eta horrek birplanteatu dizkit gauza batzuk".
Ander Solozabalek ere bizi du bertsoa, Hala Bedi irratian egiten duen programari esker.
Peio Ormazabal "gora-beheratsu" sentitzen da plazan: "plazaren arabera, egunaren arabera, umorearen arabera... Normalean gustura ibiltzen naiz plazan daukadan saio-motarengatik. Normalean gaztetxeetan aritzen naiz, herri-mugimenduak deituta... Horrelakoetan normalean gustura aritzen naiz. Oholtza gaineko saioetan egindako lanaren araberako sentsazioak izaten ditut". Ander Solozabal erosoago sentitzen da: "Bizi zaren inguruan bertso-saioak egiten badira eta kontaktua badaukazu inguru horrekin, saioak ez dira falta izaten. Bertsolaritza egiteko modu asko daude gainera. Badako a capella egiten den modu kanonikoa, eta Araban bestelako batzuk ere egiten ditugu, musikaz lagunduta-eta".