"Nik uste herri bakoitzak eduki beharko lukeela bere liburua"
Herri bakoitzak, lehenengo, elkarrizketak grabatzea gustatuko litzaioke, "ondarea" jasotzeko. Hernanin bertsotan ibili diren guztiak jasotzen saiatu da liburuan, baina garbi dauka lan hau ez dela sekula bukatuko. Horregatik, webgunea elikatzea izango da hurrengo pausua.
Herri batean baino gehiagotan egin izan da bertako bertsolaritzaren historiaren bilketa lana. Estitxu Eizagirrek garrantzia ematen dio horri: "Nik uste dut herri bakoitzak eduki beharko lukeela bere liburua. Proiektuak ikusiko da herri bakoitzean zenbat hanka dauzkan, baina oso-oso garrantzitsua da elkarrizketak grabatuta uztea ahalik eta jende gehienari eta behin hori eginda liburua edo web orria nahi denean atera daiteke. Nik uste dut herri bakoitzak egin beharko lukeela kontzientziaz eta udalak bultzatu egin beharko lukeela; hori da daukan ondarea. Bertsotara etorrita, ni konbentzituta nago herri askok horrelako zerbait osatzeko adina material badutela".
Hernani herri "irekia" delakoan dago, eta liburuan ere filosofia horri eutsi nahi izan dio: "Liburu honetan sartu nahi izan ditugu Hernanin bertsotan aritu diren guztiak: ez dugu jaiotza enpadronamenturik eskatu edo momentuan bizilekuaren arabera erabaki. Hernanitik jende asko pasa izan da bertsotan. Kontzeptu ireki horretatik abiatu gara, bertso maila guztiek daukatelako lekua eta erregistro guztiek daukatelako lekua, hasi tabernetako txapelketatik eta Euskal Herriko txapelketaraino. Horrek aberastu du liburua (...). Saiatu naiz denak sartzen, baina badaukat mina baten bat kanpoan geratu dela. Hori da jakinda daukadan mina, horregatik saiatu naiz hasieran esaldi bat jartzen. Gero aterako dira gehiago; ezagutu eta gogoratu ditudan guztiak sartu ditut".
"Liburu hau ez da inoiz bukatzen"
Orain arte jasotako balorazioekin "pozik" dagoela onartzen du, hiru gertakari oinarritzat hartuta: "Bat da liburu hau egunero irakurtzen duela Asteasuko 80 urteko aitona batek, Usurbilgo 70 urteko emakume batek, umeek argazkiak errepasatzen dituzte... Adin guztietako jendeak irakurtzen duen liburu bat izateak sekulako ilusioa egiten dit bertsolaritza ere hala delako. Beste bat da bertso-eskolako guraso batek egin zidan komentarioa. Esaten zidan ez dela hasi liburua irakurtzen, baina etxean tarteka gainbegiratu bat ematen diola, eta gainbegiratu bat ematen hasi eta pila bat irakurtzen duela. Azkenean kapitulu txikiz osatuta dago, titulu askorekin, eta gainbegiratu bat ematen hasi eta edozein lekutatik hasi daiteke, liburu hau ez baita hasiertaik bukaerara irakurtzen. Eta hirugarrena da Joxepa Zubeldia mahaian jartzea. Historikoki jarri du bere hondar alea".
Dena den, garbi dauka liburu hau ez dela inoiz bukatzen. "Idazketaren azkeneko zatia ere halako angustia batekin bizi izan nuen. Abendurako atera nahi genuen, Bertsolatarako. Irailean eta urrian nenbilen dena bukatu nahian, baina txapelketa hasi eta hernaniarrak aurrera. Herrian sekulako euforia... Ez ninduen kezkatzen hainbeste liburua bukatzen delako lehenengo txapelarekin, aldaketarekin. Baina barruan ematen horrek: bigarren txapela irabaziko balu bertso horiek ez jartzea, eta gainera ikusten nuen Hernaniko beste jende bat txapelketan bere burua ezagutzera nola eman zuen... Pentsatzen nuen Bertsolatan aurkezten banuen jendeak BECeko eta txapelketako irudiak izango zituela buruan eta bertso horiek ez banituen sartzen... Horrek atzeratu zuen guztia. Historia ez da inoiz bukatzen, beti doa aurrera. Baina webgunea elikatzen dugunean aukera emango du pasarte berriak jasotzeko, beste bertsio batzuk, zuzenketak... Webguneak hori osatzen joateko aukera emango du".