Estitxu Eizagirreri elkarrizketa 2014-05-02

"Geratzen zaidan poza da halako istorio bat aurkitu izana"

Matea Joxepa Zubeldia bertsolariaren erreferentzia dakar "Bertsoaren haria Hernanin" liburuak. Liburuetatik kanpo geratu diren emakume bertsolarien figura errekuperatzearen garrantzia azpimarratu du.
 "Bertsoaren haria Hernanin" liburuak aurkikuntza handi bat dakar: Matea Joxepa Zubeldia bertsolariarena. "Liburuko altxor politetako bat da eta bizitza honetan gogoratuko dudan deskubrimendu polit bat. Hau izan zen Txirritaren garaian Hernanin kantatu izan zuen emakume bat. 1867an jaio zen eta ez zen edozein emakume. Ibarluze baserriko alaba zen, baina maizterrak izanik, baserriko nagusiak madrildarrak ziren eta neskak gaztetan hara joaten ziren neskame. Han ezkondu zen Burgosko gizon batekin, lau seme-alaba izan zituzten, Hernanira itzuli eta beste seme-alaba batzuk izan zituzten... Madrilen jaiotakoek ere ez zekiten erderaz, pentsa! Matea Joxeparen etxean beti egin zen euskaraz eta umeek euskaraz baino ez zekiten. Denda bat jarri zuen Kale Nagusian. Senarra oso gaixo egoten zen biriketatik, minetan lan egin izan zuelako eta eserita egon behar izaten zuen. Beraz, berak bakarrik jarri zuen denda. Kontatzen dute garai haietan emakume batek negozio bat jartzea, denda baten jabe izatea eta aurrera eramatea ez zela mauka txikia, gehiago seme-alabak izanda. Gainera, idazteko ere denbora ateratzen zuen. Hernaniko papeleratik ekartzen zituen paper-rolloak, berak mozten zituen bere neurrira, berak josten zituen kuadernoak, eta han idazten zituen bertsoak, poesiak eta errezuak. Hori dena bere bilobek kontatuko digute, Joxean eta Mikel Ruizek. Amona ezagutu omen zuten idatzi eta idatzi eta kuaderno haietaz gogoratzen direla. Eta amonak balkoitik nola kantatzen zuen. Itxura denez anaiak, kaletik pasatzen zenean, bertso bat botatzen zion eta berak balkoira atera eta erantzun egiten zion. Beraien agurtzeko modua bertsotan zen.

 Orduan iritsi zen, 1918an, baztangadun gaixoen gertakizun ezaguna. Gobernadoreak agindu zuen baztangadun gaixoak Lasartetik ekartzea Hernaniko ospitalera. Eta hernaniarrek alternatiba bat eskaini nahi izan zuten herriaren kanpoaldean zaintzeko, garai hartan izurritea zabaltzeko arriskua zegoelako eta gaixotasun hilgarria zen. Herriko gizonak gestiotan aritu ziren eta gobernadoreak kasurik ez eta gaixoak Hernanira iritsi ziren. Egun hartan emakumeak izan ziren karro horri aurre egin ziotenak. Bertsoek egiazko bataila bat kontatzen dute. Bertso horiek jarri zituenean plazan kantatu zituen: herri bazkari bat egin zuten garaipena ospatzeko eta mahai gainera igo eta aulki batean eserita kantatu zituen bertsoak. Bere alabek kontatzen dute nolako lotsa pasa zuten ama ikusi zutenean denen aurrean kantari. Hainbesteko lotsarekin bizi zuten bere amaren bertsogintza, Joxepa hil zenean bere kuaderno guztiak erre egin zituztela. Pentsa ze galera eduki dugun. Hauek dira, agian, beregandik geratu zaizkigun bertsoak, baina baziren askoz gehiago. Geratzen zaidan poza edo ilusioa da halako istorio bat aurkitu izana. Familiak gordetzen du Joxepa Zubeldiak bertsoak idazten zituen mahaia, eta orain mahai horretan liburu hau dago, bere bizitza eta bere lana kontatzen dituena".

 Emakume gutxi dira liburuan kapitulua daukatenak, bertsolaritzaren inguruko liburuetan ere gutxi aipatu izan da emakume bertsolarien presentzia gaur arte. Baina horiek errekuperatzearen garrantzia azpimarratzen du Estitxu Eizagirrek. "Liburuan azaltzen dira bestelako aipamenak ere: Manuel Huiziren arreba, adibidez, edo zubiarraindarrak... Antonio Zabalak kontatzen du Patxi Bakailok auzokoarekin, ondoko etxeko alabarekin egunero egiten zuela bertsotan, jendea begira geratzen zela entzuten eta askotan elizara horregatik berandu iristen zirela. Eta Patxi Bakailoren bertso ezagunena, balkoian kantatzen duena, emakume horri kantatu zion. Ez da jaso emakume horren izena ere. Ikusten da axola faltagatik, edo gaizki ikusia zegoelako, edo jende bati mentalitateak utzi ez diolako liburuetatik kanpo geratu direla. Horrelako kasuek erakusten digute oraindik garaiz gabiltzala. Jende askok pentsatzen du ez daukala bestelako garrantzirik, baina merezi du, hor izen asko eta pasarte asko aterako direlako".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri