Bertsolari Txapelketa Nagusia 2014-05-07

Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa kalean

Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa kalean
Saio bakoitzeko 10-11 bertsoaldi eta finala oso-osorik datoz bietan. Gainera, 13 artikulu eta Txapelketan erabilitako doinuen azterketa ere badakartza liburuak. 20 eurotan jarri da salgai baina bazkideek 15 eurotan eskuratu ahal izango dute.
 Joan zen abenduan bukatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia. Ordutik hona, Bertsozale Elkartean lanean aritu dira txapelketak emandako onena biltzen eta txukuntzen. Gaur aurkeztu dute emaitza: liburua eta diskoa.

 Liburuan Txapelketa Nagusko bertsoak, kronikak, argazkiak eta iritziak bildu dituzte. Xenpelar Dokumentazio Zentroak koordinatuta, Arnaitz Lasarte, Rosita Anakabe eta Maria Izaga aritu dira transkribaketa lanetan. Argazkigile lanetan berriz Gari Garaialde eta Alberto Elosegi jardun ziren txapelketan. Eta bertsoen hautaketaz Felix Irazustabarrena arduratu da. Ohiko irizpideak erabili ditu bertsoak aukeratzeko: bertsolari guztien bertsoak ageri dira eta ariketa eta saio guztietakoak. Denera saio bakoitzeko 10-11 bertsoaldi eta finaleko bertsoaldi guztiak dakartza liburuak. Gainera, liburuan saio bakoitzaren aurretik girotze idatzi bat dator, eta Felix Irazustabarrenak idatzia da hori ere.

 Diskoan, berriz, liburuan ageri diren bertso guztiak entzuteko aukera izango da mp3 formatuan.

 Adituen iritziak

 Liburuak badu bestelako aberastasunik, ordea. Hainbat ikertzailek gertutik jarraitu zuten txapelketa, eta haien hausnarketak biltzeko artikulu bana idatzi dute honako hauek: Jone Miren Hernandezek; Xabier Paiak; EHUko IXA Taldeak; Teresa del Vallek; Jexux Larrañagak; Anaís Falcók eta Christian Simeliok; Pere Bescósek eta Olatz Mitxelenak. Horrez gain, bertsogintzari lotutako azterketak egin dituzte Xabier Sukiak, Gorka Azkaratek, Joxerra Garziak, Arkaitz Goikoetxeak eta Andoni Egañak. Bukatzeko, txapelketan erabilitako doinuen analisiaz arduratu dira Joanito Dorronsoro eta Martin Aramendi. Denera sei doinu berri identifikatu dira bertan.

 "Zatika irakurtzeko liburua"

 Felix Irazustabarrenak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, liburua ez da kolpe bakarrean oso-osorik irakurtzekoa: "zatika irakurriko dute bertsozale gehienek, kontsultarako edo prestaketa lanetan lagungarri izango zaio lanean ari denari". Guztira 500 aleko tirada prestatu du Lanku Bertso Zerbitzuak elkartearen enpresak. 20 eurotan jarriko dute salgai, baina Bertsozale Elkarteko bazkideek 15 eurotan eskuratu ahal izango dute. Liburua eta diskoa ohiko liburu dendetan eta www.lanku.com webgunean egongo da salgai.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu