Dokumentazio alorreko gogoetak bultzatu eta plazaratzea dute helburu jardunaldiek. Mintzola Fundazioko Elkarguneko egitasmoaren bueltan antolatu da lehenengoa, euskal ahozko sorkuntzen dokumentazio beharrei erantzuteko.
Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak antolatu dira lehenengoz aurten. Gaur izan da aurkezpena Donostian, Koldo Mitxelena Liburutegian. Bertan izan dira Garazi Lopez de Etxezarreta Auzmendi (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea), Beñat Gaztelumendi Arandia (
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna eta
Mintzola Fundazioko patronatu kidea) eta Eñaut Gantxegi Maritxalar (Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko ordezkaria).
Bide luze baten emaitza
Bertsolaritzan orain dela hogeita hiru urte hasi zen dokumentazioaren aldeko apustua. Horren emaitza gaur egun Xenpelar Dokumentazio Zentroan aurki daiteke. Esperientzia horretatik abiatuta, dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzea eta plazaratzea izango da Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien helburua.
Euskal antzerkiaren inguruan lehenengoa Mintzola Fundazioko Elkarguneko egitasmoaren baitan antolatu da aurtengo jardunaldia eta euskal antzerkiaren dokumentazioa izango du gai. Elkargunearen helburua ahozko kultur sorkuntzen topaketa eta elkar ezagutza bultzatzea da, gaur azaldu dutenez, euskarazko ahozko sorkuntza alor bakarra delako. Bide horretan, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren betebeharra aholkularitza eta tresneria eskaintzea da. Hala, euskal antzerkian lagungarri izatea dute helburu aurtengo jardunaldiek.
Bi eguneko jardunaldiak Jardunaldiek bi egun izango dituzte. Lehendabiziko saioa AZAROAREN 20an izango da, ostegunez, goizeko 10:30ean, Koldo Mitxelena Liburutegiaren egoitzan, Donostian. "
Euskal antzerkiaren funtsak liburutegi eta artxibategietan" izango da lehenengo eguneko izenburu. Bertan, euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituzten liburutegi eta profesionalak izango dira. Lehenik dauzkaten funtsen berri emango dute eta, ondoren, euskal antzerkiaren inguruan eskaintzen duten zerbitzua nola hobetu gogoetatuko dute. Honako hauek izango dira hizlariak:
-Marie-Andrée Ouret eta Marie-Hélène Déliart (Baionako Mediateka eta Euskal Museoko Liburutegia)
-Pruden Gartzia (Euskaltzaindiako Azkue Liburutegia)
-Pantxoa Etchegoin (Euskal Kultur Erakundea)
-Sorne Matxinena eta Frantxi Lopez Landatxe (Koldo Mitxelena Liburutegia)
-Iñaki Goiogana (Sabino Arana Fundazioko Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia)
-Maddi Oihenart (Su Azia)
Bigarren saioa azaroaren 27an izango da, ostegunez hau ere. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egoitzan izango da, Subijana Etxean, Amasa-Villabonan. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da saioa. "
Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak" izango dituzte aztergai. Bertan euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileak elkartuko dira eta dokumentazio alorrean dauzkaten beharrez ariko dira. Lau hizlari ariko dira bigarren saio honetan:
-Jaime Valverde (antzerki kritikaria, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kide)
-Ixabel Etxeberria (ikerlaria eta euskal antzerkian doktorea)
-Mikel Martinez (antzerki sortzaile eta antzezlea, Tartean Teatroko kide)
-Oier Guillan (antzerki sortzaile eta antzezlea, Metrokoadroka Sormen Laborategiko kide)
Antzerkian bidea egin nahian Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea 2010eko ekainean sortu zen. Hasierako helburuen artean kokatu zuen Euskal Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa osatzea, baina bidean oztopo ugari izan dituzte. Hala, jardunaldi hauek garrantzitsutzat dauzkate elkarlanean helburu hori lortu ahal izateko.
Antolatzaileak Jardunaldiak Mintzola Fundazioak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Koldo Mitxelena Liburutegiak antolatu dituzte. Laguntzaile izan dute Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea ere.