Bertsolaritza Nafarroako Irakaskuntzan 2014-11-27

Oztopoen gainetik bidea eginez

Ikastetxeetan proiektuak balorazio onak jaso arren, diru-laguntzak lortzeko arazoak izan ditu azken urteotan "Bertsolaritza Irakaskuntzan" proiektuak. Hala ere, irakasle eta zuzendariek bertsolaritzaren transmisioak dituen onurak nabarmendu dituzte.
 "Bertsolaritza Irakaskuntzan" proiektuak oso balorazio onak jaso ditu ikasle eta ikastetxeen aldetik. Joxema Leitza bertso-irakaslearen iritziz, ikasleen motibazioan asmatuz gero emaitzak "oso onak" dira. Lorea Arburuak azaldu duenez arazoak instituzioen babes faltatik datoz. Udal eta Mankomunitateen diru-laguntzari esker egiten du aurrera proiektuak. Orain dela bi urtera arte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak ere laguntzen zuen, baina ordutik laguntza hori lortu ezinik dabil Nafarroako Bertsozale Elkartea. Horren eraginez, besteak beste, ikastetxe bakoitzean 30 ordu beharrean 15 ordu jasotzen dituzte.

 Joxema Leitzaren iritziz 15 ordutan "miraririk" egin ezin bada ere, gutxieneko ezagutza bat jasotzen dute ikasleek: "toki jakinetan ez bada bertsolaritzaren ezagutza hutsaren hurrengoa da. 15 orduko ikastaroa da eta 15. saiorako bat-batean bi oinak emanda egiteko gai dira".

 Euskararen erabilerarako tresna

 Joana Ziganda Irurtzungo Atakondoa Ikastetxeko Zuzendariaren iritziz, euskararen erabilerarako ere tresna da: "askok euskara ikasketa arloarekin lotzen dute, eta ez hain egoera formaletan aritzea bertsolaritzan hitz-jolasekin, doinuarekin... Egoera ez hain formal batean ikasleek euskaraz elkarrekin aritzeko aukera dute".

 Bat dator Xabier Urizar Iruñeko San Fermin Ikastolako Zuzendaria ere: "Haurrek ez dute aukerarik euskaraz aritzeko eta klase honek hori bideratzen du".

 Bertso-eskolak sortzeko oinarria

 Lorea Arburuak azaldu duenez, milaka gaztetxok bertsolaritza ezagutzeko duten abiapuntua da proiektu hau. "Horrek ahalbidetzen du bertso-eskolak sortzea eta etorkizunean euskal kulturarekiko atxikimendu handiagoa izatea". Horrez gain, "erabileran" eragiten du proiektu honek, eta Nafarroan dagoen egoerarekin abiapuntu ona delakoan dago.

 Joxema Leitzak azaldu duenez, kurtso bukaeran ikasle askok esaten diote bertsolaritzak "euskaraz pentsatzeko" balio izan diela. "Bertsoa ezin da gazteleraz egin eta gero itzuli: errima du, neurria du... Sorkuntza prozesua euskaraz egiten da. Hori ez dakit baloratzen dugun edo ez dugun baina kontutan hartzeko ezaugarri bat dela iruditzen zait.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu