Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik 2014-11-27

'Mañukorta Bertsonajea' liburua aurkeztu dute gaur Bilbon

'Mañukorta Bertsonajea' liburua aurkeztu dute gaur Bilbon. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatuta, Xabier Amurizak idatzi du Gregorio Larrañaga Mañukortari buruzko lana. Lankuk argitaratu du eta 15 eurotan dago salgai (Bazkideentzat 12 euro)
'Mañukorta Bertsonajea' liburua aurkeztu dute gaur Bilbon. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatuta, Xabier Amurizak idatzi du Gregorio Larrañaga Mañukortari buruzko lana. Lankuk argitaratu du eta 15 eurotan dago salgai (Bazkideentzat 12 euro)

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ekimenez
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak konpromisoa dauka Bizkaiko bertsogintzan dihardutenen biografiak jaso eta jendartean zabaltzeko. Horregatik, aurtengoan, Bizkaian berezia izan den Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ aukeratu du bere bizitza plazara ateratzeko, Bizkaiko bertsogintzari eskainitako beharrarengatik eta Euskal Herri osoko plazetan emandakogatik.
Liburua egiteko lana, Bizkaiko bertsogintzaren bizkarrezurra den Xabier Amurizarengan agindu zion Bizkaiko Elkarteak. Garai bertsukoak biak ala biak, eta plaza asko elkarregaz egindakoak.

Gregorio Larrañaga Mandiola ‘Mañukorta’
Markina-Xemeingo Larruskain auzoan jaio zen 1943an, Mañukorta baserrian. Nekazari eta fabrikako langile egin izan du behar. Soldaduska amaitu orduko, 1967an, Ameriketara joan zen osabagaz, artzain. Sei urte egon zen han. Amaren familiatik jaso zuen bertsozaletasuna, eta bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 60ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantatzen, baina 80ko hamarkadatik aurrera lortu zuen izena. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen. Bertsolaritza munduan aski ezaguna bada ere, esan daiteke, bertsolaritzatik haratago, Euskal Herri osoan dela pertsonaia ezaguna.

Plaza gehien egin dituenetakoa

Gregorio Larrañaga Mañukorta bolada luzean plaza gehien egin dituen bertsolarietako bat izan da, batez ere 90. hamarkadatik 2000. hamarkada hasiera arte.
 
Xabier Amurizaren sarrera
Newtonen grabitazio legeak unibertsoaren ariera argitasun handi eta zehatzera ekarri zuen. Paralelismoa Mañukortaren izatera ekarririk, honen unibertso mentala, emozionala eta jardunezkoa hain zehatza eta koherentea da, ezen beldur gabe konpara daiteke unibertso fisikoaren sistemagaz. Bere buruagan konfiantza handiagorik daukanik nekez aurkituko duzu inon. Bertsoaz ez ezik, edozertaz emango dizu iritzi segurua, “aditua”,  bizi guztia horixe estudiatzen eman balu lez. “Bizimodua” bera ere zehaztasun berdinez kalkulatu eta eratu du. Zelan lortu du gure “bertsonajeak” edonon seguru ibiltzeko nortasun hori, ustez edo teorikoki, behintzat, bere orbitatik hain ezberdin ziren mundu-mota guztietan? Zelan lortu du bizimodua ere hala eroatea non sinetsi beharra duzun, dioenean: Ni txarto bizi banitze, kulpie neurie litzatekek? Newtonen barkamenez, azken esaldi horrek areago ebokatzen du Leibnitzen optimismoa, zeinak baiezten zuen mundu hau dela “mundu posibleetatik onena”.  Mañukorta seguru dago berari mundurik onena egokitu zaiola. Eta munduko lekurik onena. Horrelako burumolde batek nolako ideiak dauzkan eta nola arrazoitzen dituen entzuteak esperientzia berdingabea izan behar du.

Mañukorta bertsonajea liburuko aipuak

“Ni txarto bizi banitze, kulpie neurie litzakek”

“Billurrik etxostek emoten ezek. Hiltziek apur bat, baina hori bajakixau”

“Subertie izan juat e! Holan ibilttko aukerarik denak etxuek izen”

“Kopletan zein bertsuetan, sokie eruten jakin bi’ok”

“Nik etxuat kezkarik eukitten. Beti jaukat gogue bertsotan juteko”

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eskerrak eman gura dizkie babesleei, euren laguntzarik barik ezin izango zen-eta proiektua egin. Eskerrik asko Laboral Kutxa Bizkaiko Foru Aldundia eta Eika Kooperatibari.


 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri