Markina-Xemein 2014-12-15

Historikotik eta omenalditik Kontzezioko jaialdiak

Urtero egiten dute Kontzezioko bertso-saioa Markina-Xemeinen, urtero abenduaren 8an. Aurtengoa berezia izan da ordea, bizirik dauden Euskal Herriko sei bertsolari txapeldun elkartu baitituzte oholtzan: Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.
Urteroko Kontzezioko saioa zen Markina-Xemeinen. Beti bezala Abenduaren 8an noski, baina saio berezi samarra antolatua zuten Amaiur Taldeko kideek. Euskal Herriko txapeldun guztiak batera ikusi ahal izateko bidea jarri zuten.

Xabier Amuriza
, Jon Lopategi, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus igo ziren gainezka zegoen frontoiko oholtzara. Giroa ezin hobea zegoen. Mila lagunetik gora txaloka eta esker onez. Bertsolarien  omenaldi gisa hartu zitekeela aitortu zuen aurkezle-lana egin zuen Joxe Mari Lejardi "Gabixola"-k, eta horrelaxe izan zen.

Jaialdiari hasiera Jon Lopategiren agurrek eman zioten. Ez zuen gehiago kantatuko "Baltza"-k,  (baditu dagoeneko 80 urte eta plazetatik erretiratuta dago) baina oholtzan egon zen beste txapeldunen saioaz gozatzen.

Saio bereziari planteamentu berezia eman nahi izan zion gai-jartzaileak. Bertsolariak hobeto ezagutu nahian, bizitzari buruz, garai bateko kontuez eta egungo egoeraz galdetu zien bertsolariei eta hauek txandaka, banan bana mikrofonora hurbildu eta bertso bana kantatzen zuten.

Ale ederrak joan ziren noski, baina bertsoaldi bakoitzak osotasuna hartu beharrean saioak berak hartu zentzu hori. Jendea gustura egon zen eta biziki eskertu zuten ahalegina. Tarteka ateraldi ederrak entzun ahal izan genituen ("txispatxuek", deitu zien Lopategik bere lehen agurrean).

Akaso bertsolarientzat ez zen hain erosoa. Hainbeste altxa eta eseri, bertso solteak izatea, bertso bakarrean laburbildu beharra gaian esan zitekeen guztia, zein tonu hartu behar zuten erabakitzea (gehienek zuten umoretik edo serio eta sakonetik bideratzeko aukera)... Dena den eta ziren bost bertsolariak ikusita, ez zegoen zalantza handirik saio ona aterako zela, eta horrelaxe izan zen.

Bukaeran Mañukorta ere igoarazi zuten taula gainera. Xabier Amurizak Markina-Xemeingo bertsolariari buruz egindako liburuaren aitzakian beste omenalditxo bat prestatu zuten antolatzaileek.
Lopategik, txapela jantzi zion Gregorio Larrañaga "Mañukorta"-ri, eta honek esker onez kantatu zituen hiru bertso.

Bukatzeko, protagonista guztiek antolatzaileekin batera argazkiak atera zituzten. Beste behin ere bikaina atera zen Kontzezioko saioa. Oraingoan beharbada ahaztezinagoa, bazuen eta omenalditik eta historikotik asko.

Hasierako agurra. Jon Lopategi
2014-12-08 Markina-Xemein

Umetako jolasak. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Parrandan. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Munduaren ezagutza. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Gosea munduan. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Beste bertsolarien bertsoak. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Epitafioa. Denak
2014-12-08 Markina-Xemein

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri