Historikoa 2015-01-23

Bertsolari Egunetik Bertso Egunera

1968an sortu ziren Bertsolari Egunak, bertsolariak omentzeko helburuarekin. 1994an Bertsozale Elkarteak Bertsolari Egunak Bertso Egun bihurtzeko erabakia hartu zuen. Irudi hauetan, 1991ko Bertsolari Eguneko afalosteko bertsoak ageri dira.
 Bertsolaritzan pisu handiko ekimena da Bertso Eguna gaur egun. Urtarrilaren 31n ospatuko da aurtengoa, Donostian. Hala ere, historian soka luzeko ekitaldia da.

 Bertsolarien omenaldia hasieran

 1968an ospatu zen lehenengo Bertsolari Eguna, Manuel Olaizola "Uztapide" omentzeko asmoz. Donostiako Udalaren CAT/KTEren laguntzaz arduratu izan da egun hau ordutik. Lehenengo lau edizioak Astoria Antzokian egin ziren, eta Carmelo Baldan eta Anoeta Pilotalekuan ondoren.

 Urtero-urtero bertsolari bat edo gehiago omendu zituzten: 1969an Xalbador, 1970ean Manuel Lasarte (hurrengo urtean ospatu zen egun hau, garai hartan Salbuespen Egoera indarrean zegoelako), 1972an Mattin Treku, 1973an Iñaki Eizmendi "Basarri"...

 1980an etena

 1979an entzuleek, boto bidez, Imanol Lazkano aukeratu zuten hurrengo urtean omendua izateko. Azpeitiarrak, ordea, 43 urte baino ez zituen orduan, eta ez zuen omenaldirik nahi izan. Botoetan bigarrena Etxahun Iruri geratu zen, baina omenaldi eguna baino lehenago hil zenez, azkenean ez zen omenaldirik egin.

 Ondorioz, hortik aurrera omenaldiak nori egin erabakitzeko batzorde bat antolatu zen. Bertsolari Elkartea (gerora Bertsozale Elkartea) sortu zenetik, berak hartu zuen erabaki hori hartzeko ardura.

 1994an lehenengo Bertso Eguna


 1994an, Bertsozale Elkarteak hala erabakita, Bertsolari Eguna Bertso Egun bilakatu zen, omenaldien bidea alde batera utzita. Urte horretan sortu zen gaur egun ezagutzen dugun formatua.

 1991ko historikoa


 Bertsoan ikusgai jarritako bideo honetako irudiak 1991ko Bertsolari Egunekoak dira. Urte hartan Patxi Iraola eta Florentino Goiburu omendu ziren. Afalosteko saioan, Iñaki Muruak "mikrofonoa libre uzten det, nahi dunak ahal duna bota" kantatu ondoren, bertsolari mordoa animatu zen kantura: Imanol Lazkano, Jon Azpillaga, Xamalbide, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Joxe Agirre, Juan Mari Narbaiza, Joxe Lizaso, Txomin Garmendia eta Lazkao Txiki, besteak beste.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu