Larunbatean, Donostian 2015-01-28

Bertso Eguna: serio jolasteko proposamena, bertsotan

'Jolastu nahi?' Horixe izango da aurtengo Bertso Eguneko goiburua: "Hamabi aulki ikusten dira. Jolaserako jarrita daude aulkiak, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela. Ez espero bestelako espektakulorik, bertso saio bat izango da." Gaur goizean aurkeztu dute ekitaldia. Bertsoa sareko plazak zuzenean emango du Kursaaleko jaialdia
Bertsoa oinarri hartuta, jolasa izango da aurtengo Bertso Egunaren Kursaaleko ekitaldiaren haria. Eguna, ordea, goizetik hasiko da. 12:00etatik aurrera bertso poteoa izango da Donostiako  kaleetan barrena. Arratsaldeko 18:00etan izango da jaialdia. Gauean, afalondoan ere bertsoak izango da Manteo kiroldegian. Gaur goizean aurkeztu dute ekitaldia. Bertsoa sareko plazak zuzenean emango du Kursaaleko jaialdia. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Jon Agirresarobek (Bertsozale Elkartea), Nekane Txapartegi (Donostiako Udala) eta Mikel Mendartek (Kutxa).

JOLASTU NAHI?
Hamabi aulki ikusten dira. Jolaserako jarrita daude aulkiak, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela. Ez espero bestelako espektakulorik, bertso saio bat izango da.

Ainhoa Aranburu, Arnaitz Lasarte, Eñaut Agirre eta Josu Goikoetxea aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen. Urritik martxan dagoen gai-jartzaile eskolaren bueltan bildu dira laurak.  

EGITARAUA  
12:00 Donostiako kaleetan: Bretxan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean
18:00 ekitaldi nagusia Kursaaleko Areto Nagusian
21:00 Afaria eta festa Manteo kiroldegian

Bertsolari presentzia zabala izango da kantuan Bertso Egunean: goizean, bederatzi guztira: Amaia Agirre, Iñaki Zelaia, Eneko Fernandez, Arrate Illaro, Xabi Igoa, Nahikari Gabilondo, Ander Elortegi, Unai Gaztelumendi eta Maddalen Arzallus. Saio bana egingo dute Bretxako merkatu kanpoan, Konstituzio plazan eta Ikatz kalean. Eskarmentu handiko jendea eta bertsotan hasiberria dena elkarrekin kantuan jarri nahi izan ditugu goizeko ekitaldian. Eguraldiak laguntzen badu goizetik hasiko da bertso festa Donostian.

Arratsaldeko ekitaldian hamabi bertsolari izango dira: Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Gauean afaria eta festa izango da Manteo Kiroldegian. Bat-bateko saioetan arituko dira kantuan Jone Uria, Beñat Gaztelumendi, Xebastian Lizaso, Irati Anda eta Fredi Paia. Ondoren Bat-batean ikuskizuna izango dugu Oskar Estangaren eskutik.

46. edizioa
Berrogeita seigarren edizioa izango du BERTSO EGUNAK datorren larunbatean. Elkarlanean antolatu dute Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Kutxa eta EITBren laguntzarekin. 1968tik urtero-urtero Donostian egin izan da, 1970 eta 1980 urteetan izan ezik. Bertsolari Eguna zen lehen urteetan eta bertsolariak omentzen ziren. 1995 urtean helburua aldatzea erabaki zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak: ordutik mimoz prestatutako saiakera egiten da Kursaaleko oholtzan.

Bertsoak zuzenean, EITBk gaueko 22:00etan
Bertsoak zuzenean emango du arratsaldeko jaialdia eta astelehenean sarean izango dira bertsoaldi onenak. EITBk 22:00tan emango du arratsaldeko ekitaldia eta igandean laburpena eskainiko du.

Sarrerak
Afaritarako bada nahikoa sarrera bada oraindik eta ekitaldirako 500 sarrera gelditzen dira. ostirala bitartean www.bertsosarrerak.eus helbidean erosi daitezke. Sarrerarik gelditzen bada egunean bertan arratsaldeko lauretan zabalduko da Kursaaleko leihatila.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri