Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015-03-27

"Ni naizen hori erakusteko bidean segi nahi dut"

Txapelketa "berezia" da aurtengoa Julio Sotorentzat. Dena den, bertsotan momentuka "gustura" aritzera iritsi dela dio. Finalean aurreko txapelketetan ez bezala gozatu nahiko luke.
 Aurtengo txapelketa "berezia" izan da Julio Sotorentzat. "Txapelketako saioetan nahiko lan izan dut momentu askotan; esfortzu handia eskatu dit oholtzara igotzeak bakarrik eta kontzentratzea asko kostatu zait, baina zama guzti hori kontutan izanda ere momentuka bertsotan gustura ibili naiz. Bertsoak itxuraz bete ditut batzuetan, besteetan arantzatxoekin... Baneukan beldurra zama horrek gain hartuko ote zidan baina orain arte egindakoarekin kontentu xamar geratu naiz".

 Aurten ere finalera sartuta, esperientzia handiena duen bertsolarietako bat izango da Elizondoko oholtza gainean. "Finalari begira saiatu naiz azkeneko hilabeteetan begia batez ere bertsoan jartzen eta ez gainontzeko gauzekin deszentratzen. Badut ilusioa saio on bat egiteko; azkeneko txapelketak, batez ere Euskal Herrikoa eta Nafarroakoak bertsotan gaizki eginda pasa nituen eta sentsazio txarrekin. Aurten ilusio hori daukat. Finaleko bertsoak ahalik eta estuen eta ongien moldatzen saiatuko naiz".

 Egindako lana ikusarazi nahian

 Azken hilabete luzeotan barrura begira lan egin duela dio Julio Sotok: "Euskal Herriko Txapelketaren ondoren tristealdi bat izan nuen. Hainbeste lan egin ondoren iritsi nintzen txapelketara eta ez nuen nerbioak kontrolatzen jakin eta bertsotan, Euskal Herriko oholtzetan, nahiko gaizki egin nuen. Eta horretaz gain, nik uste nire bertsokera iritsi zela errepidearen alde batera, jo duela alde hori, eta saiatzen ari naiz gaizki egin dudana aztertzen edo zer ez nukeen egin behar hemendik aurrera, eta aurten ilusio hori daukat: detailetxo horiek ahal dela ikus daitezela oholtzan, eta ez dezadala sufritu Euskal Herrikoan sufritu nuen bezala. Ni naizen hori erakusteko bidean segi nahi dut".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri