Ostiralean izango da Erniarraitz Sariketaren finala 2016-03-02
Eneritz Artetxe: "Bertsolari gazteak ezagutaraztea eta inguruan bertsozaletasuna sustatzea dira helburu nagusiak"
2002an antolatu zuten lehenengo aldiz Erniarraitz Sariketa Urola bailaran. Orduz geroztik bi urtez behin antolatu dute eta aurtengoa zortzigarren edizioa da. Hiru kanporaketa jokatuta, ostiralean izango da finala Azpeitian eta azken saioaren atarian Eneritz Artetxek kontatu dizkigu sariketaren nondik norakoak. Bideoan ikusgai duzue Erniarraitz sariketa lehenengo aldiz egin zenean Laxaro Azkune antolatzaileari Hitzetik Hortzeran egindako elkarrizketa.
Zortzigarren edizioa du aurtengoa Erniarraitz Sariketak. 2002an egin zuten lehenengo aldiz Urola Bailaran eta orduz geroztik bi urtez behin antolatu dute. Urte guzti hauetan Erniarraitz Bertsozale Elkartea aritu da antolaketa-lanetan. Bideoan ikusgai duzuen moduan, lehen aldi hartan Laxaro Azkunek kontatu zituen Hitzetik Hortzeran hastapeneko helburuak eta sariketaren nondik norakoak.
Bertsolari gazteei plaza ematea helburu nagusi Hamalau urte pasa dira orduz geroztik eta Eneritz Artetxek, gaur egun Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide denak azaldu digunez, ez dira asko aldatu hasierako helburuak: "bertsolari gazteei plaza ematea da helburuetako bat eta urte hauetan guztietan bertsolari ugari pasa da Erniarraiztik". Bertsolarien hautaketan, "lehentasuna etxeko bertsolariei ematen zaie. Uneko kopuruaren arabera 18ko sariketa osatzeko lurraldetasunari garrantzi berezia ematen saiatzen gara, beti ere, sariketan mantendu nahi den bertso maila kontutan hartuz, herrialde ezberdinetako jendea egon dadin."
Bertsolari gazteei plazak ematearen helburua ez da aldatu baina bai parte-hartzaileen jatorria: "Garai hartan bailarako bertsolariei begira antolatu zen baina urteekin beste dimentsioa bat hartzen joan da. Gaur egun Euskal Herri osoko bertsolariek hartzen dute parte bertakoekin batera".
Aurtengoan, "Gipuzkoako txapelketa ari zen bitartean erabaki ziren bertsolariak, eta txapelketan lan txukuna egin duten bertsolari askok hartu dute parte beste herrialdetako hainbat bertsolarirekin batera. Erniarraizko hiruk abestu dute eta Zestoako beste batek." azaldu digu Eneritz Artetxek.
Aldaketak aldaketa, aurtengoan ere helburuak beteta Aldaketetekin hasi zen aurtengo Erniarraitz Sariketa: "aurreko edizioetan ostiral gauez egiten ziren kanporaketak eta aurten lehen aldiz igande arratsaldez egin dira, ostiraletan eskolarteko kanporaketak izaten baitira. Honekin bagenuen beldur piskat, ostiral gauetako giroak ez baitu zerikusirik igande arratsaldekoarekin. Baina hala ere, entzule, eta batez ere gazte asko izan dira hiru kanporaketetan, beraz, gustura geratu gara. Bertsolari gazteak ezagutaraztea eta inguruko bertsozaletasuna sustatzea ditugu helburu eta bete direla" uste du Eneritz Artetxek. Ostiraleko finala jai giroan Ostiral gauean izango da finala Azpeitiko gaztetxean. Eneritz Artetxek esan digunez, "finala berezia izaten da eta kanporaketekin alderatuz desberdina. Hau ostiral gauez egingo da gaztetxean azken urteetan bezala eta adin guztietako jende piloa batzen da. Giroa bero egoten da eta ez dugu zalantzarik ondo aterako dela. Gainera finalean bailarako bi bertsolari daude eta hori beti da inguruko jendearentzat erakargarria. Dagoen seikotea ikusita ziurra da saio ona bezain bizia izango dela eta entzuleek ere maila berean erantzutea espero dugu".