Gaur egun Jon Artano da saioaren zuzendaria eta Amaia Uribe, berriz, aurkezlea. 20 urte hauetan eten batzuk izan ditu programak. Bingen Zupiriaren arabera, "ETB3ren sorrerak beste askatasun bat" eman die edukiak programatzeko orduan. Iñaki Muruaren ustez, "beharrezkoa" da bertsolaritza hedabide publiko batean egotea, baina gauza asko berraztertu behar dira.
1989an izan zen Hitzetik Hortzeraren lehenengo emisioa. Dena den, aurretik ere emititu ziren bertsoak ETB1ean, Hasier Etxeberriak zuzendutako Ahotik Ahora programan hain zuzen ere. Saio honetan, nagusiki, telebistaz grabatzeko antolatutako saioak emititzen ziren. Hileroko maiztasuna edukitzen zuen programa honek.
Hitzetik Hortzera programa 1989an sortu zen. Joxerra Garzia izan zen zuzendari 1989tik 1994ra bitartean. Plazako saioak izan ziren programaren oinarri. Saioei iruzkin kritikoak egiten zitzaizkien, eta beste hainbat atal ere bazituen programak. Hala ere, 1995etik 1997ra bitartean ez zen programarik emititu, ETBrekin izandako desadostasunak tarteko. 1990eko hamarkadaren hasieran bertsolaritzak "boom" handia izan zuen. Joxerra Garziak honen inguruko hausnarketa bat egiten du
elkarrizketa honetan.
Etenaren ondoren, 1997ko Txapelketa Nagusia zela eta itzuli egin zen programa,
Maite Odriozolak zuzenduta eta Iñigo Aiestaranek aurkeztuta.
1999an lan talde berria sartu zen, 2005era arte iraun zuena. Josu Goikoetxea izan zen bai zuzendari eta baita aurkezle ere. Hasieran Arantxa Hirigoien ere aritu zen, Josurekin batera, aurkezle lanetan, baina Josu Goikoetxeak bakarrik aurkeztu zuen saioa gerora. Garai honetan, bat-bateko saioez gain beste hainbat alor landu ziren: elkarrizketa, bertso musikatuak, bertso jarriak, bertsolariek bizi izandako pasarteak eta zuzeneko emanaldiak.
2005ean Felix Irazustabarrena jarri zen zuzendari moduan, eta Saroi Jauregik egin zituen aurkezle lanak 2008ra arte. Hasieran Anjel Mari Peñagarikano eta Martin Aramendi ere platoan egoten ziren, baina gerora Martin Aramendik bakarrik laguntzen zion Saroiri. Garai honetan bat-bateko bertsoek zuten pisurik handiena, baina elkarrizketek eta erreportajeek ere bazuten bere garrantzia.
2008tik gaur arte Jon Artano da programako zuzendaria eta Amaia Uribe aurkezlea. Plazaz plazako bertsoez gain zuri beltzekoak, elkarrizketa, erreportajea, lehiaketa eta beste atal batzuk dauzka saioak. Gainera, ETB1ean emititzeaz gain ostegunetan ETB3n emititzen da saioa, iluntzeko 21:30etan. Gaur egungo lan-taldea zein den ikusi nahi izanez gero egin klik
hemen.
"ETBn beti egon izan da bertsoari leku bat egiteko nahia" Bingen Zupiria, ETBko zuzendariaren iritziz, ETBn beti eduki izan dute bertsoari leku bat egiteko "nahia": "Ni 1983an hasi nintzen lanean EiTBn eta hasiera-hasieratik sumatu nuen bertsolaritzaren munduari toki bat egiteko nahia eta kezka. Nik telebistan ezagutu nituen lehen proiektuak 1985ekoak izango dira, nahiz eta lehen saioak beranduagora arte gauzatu ez. Euskadi Irratian, berriz, lehen momentutik izan zuen bere tokia bertsogintzak. Informazioa landu eta entretenimendua sortu eta eskaintzeaz gainera, EiTBk beti eduki du kulturgintzari ateak eta leihoak zabaltzeko asmoa, eta euskaraz sortutako kulturaren arloan bertsolaritzak beti izan du toki jakina."
Hitzetik Hortzera programa aurrera eramateko ezinbestekoa da ETBren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen arteko elkarlana. "Niri 1999an tokatu zitzaidan gaiari heltzea eta argi izan nuen lehen momentutik bertsolaritzari eta bertsozaletasunari buruzko saioa egitekotan hobe genuela Bertsozale elkartearen eskutik joatea. Haiek ere horrela ikusi zuten eta uste dut alde biek ahalegin handia egin dugula elkarrekin ongi konpondu eta proiektu hau aurrera ateratzeko. Batzuetan gauzak errazak izan dira eta berez joan dira. Beste batzuetan zailago izan da; baina beti izan gara gai, bakoitzak bere bideari uko egin gabe elkarrekin lan egiteko. Eta horretarako oso garrantzitsua izan da hasiera-hasieratik garbi hitz egitea, arauak ongi zehaztea eta konpromiso horri eustea."
Programaren etorkizunean izango duen lekuari buruz, baditu bere zalantzak: "EiTBren kudeaketaren ardura izango dutenek erantzun beharko diote horri." Dena den, ETB3 sortu berriak gauzak aldatu egin dituela dio: "Euskarazko kate bakarra EtB1 zenean konturatzen ginen zenbait emanaldi bigarren mailan bezala geratzen zirela ordutegiei zegokienean. Eta katea bakarra eta publiko guztientzakoa izanda ez zuen arazo horrek irtenbide errazik. ETB3ren sorrerak beste askatasun bat eman digu edukiak programatzeko orduan. Katea bakoitzak bere helburua eta bere eginkizuna ditu eta publiko ezberdinak bilatzen ditu. Eta askatasun horrek aukera eskaini digu kulturgintzarekin zer ikusia duten saioak gaueko ordutegirik hoberenean emateko. Adibidez Hitzetik Hortzera."
"Egia da, agian, diluitzen joan dela, baina oraindik ere badu bere garrantzia" Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren ustez, Hitzetik Hortzera "garrantzitsua" da oraindik ere: "Historiari begiratuz gero, hasieran inork sinesten ez zuen produktu bat aurrera ateratzeak nik uste duk oxigenoa eman diola, Elkarteari baino gehiago, bertsozaleari. Gaur egun asko dibertsifikatu da eskaintza; Hitzetik Hortzerak hor jarraitzen du, baina aldi berean interneten agertu dira Bertsoa.com eta Bertsoplaza.tv, sariketen berri ematen duten webguneak... Egia da, agian, diluitzen joan dela, baina oraindik ere badu bere garrantzia."
Gaur egun ETB1en egoteaz gain ETB3n ere emititzen da programa. Bertsozale Elkartea asko kezkatzen duen gaia da gehiegizko saturazioarena: "Sustapen sailak eramaten du programaren kontua, eta horretaz eztabaidatuko zutela uste dut. Oso kontuz zaindu beharrezko zerbait da hori. Bertsoa hauskorra da, ekologia berezia daukana, eta ekosistema zaindu beharra dago. Bertsozale Elkarteak betidanik zaindu izan du errepikapen kopurua murriztea, esate baterako, eta hau ere zaindu egin beharko du. Gertatzen dena da ETB3ren hedapena oraindik ere ez dela hain handia ere. Hala ere, zaindu beharreko zerbait da, leku gehiegitan, zopa denetan agertzea ez baita osasungarria."
Programa aurrera ateratzeko, ETBrekin elkarlanean aritu izan da Bertsozale Elkartea. "Lankidetza ez da erraza izaten. ETBk eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak helburu, izaera eta funtzionamendu ezberdinak dauzkate. Hasieran izan genituen gure gora-beherak, baina Hitzetik Hortzera marka eta bere ekoizpena Bertsozale Elkartearen eskuetan gelditu ziren. Guk beti bilatu izan dugu bertsozaleentzat programa duintasunez emititzea garaiari, ordutegiari eta iraupenari dagokionez. Alde horretatik, uste dut Bertsozale Elkarteak behar bezala bete duela bere konpromisoa. Hasierako gora-behera horiek hobetzen joan dira bi erakundeak elkar ezagutzen joan garen neurrian."
Iñaki Muruaren ustez, etorkizunean berraztertu egin beharko da programak beteko duen funtzioa. "Duela 20 urte bertsozaleak bertsoa soilik jaten zuen, eta orain beste hogei gauzaren artean bertsoa ere jaten du. Orain dela 20 urte zailtasunak izan genituen ETBn gure presentzia bermatzeko. Orain ETB1en eta ETB3n gaude, baina baita Bertsoa.com, Bertsoplaza eta Youtuben ere. Bitartekariak ugaritu egin dira. Orain saioak grabatu egiten dira, eta grabatutako hori egunean bertan ikusi daiteke interneten. Hori guztia berraztertu egin behar da. Nik uste dut Hitzetik Hortzerak gorputz sendoa duela, baina aldi berean ludikoa ere badela. Iruditzen zait guretzat beharrezkoa dela bertsolaritzak hedabide publiko batean bere presentzia edukitzea, baina programa dinamikoago egingo duten osagarriekin uztartu beharra dago. Bertsozaleek telebista ikusten dute, eta geroz eta produktu laburragoak eta biziagoak egiten dira. Hori guztia aztertu beharra dago."
"HH" Bestalde, gaurko Berrian, Hitzetik Hortzeraren urteurrenari buruzko
iritzi artikulua idatzi du Onintza Enbeitak. Bere iritziz, "salbuespenak salbuespen, merezi izan du" programa egiteak. Gainera, aurten programak izan duen formatu aldaketaz ere hausnartzen du Onintzak.
Hitzetik Hortzeraren festa ostiral honetan ospatuko da, Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko 21etatik aurrera. 30 bat bertsolari ariko dira kantuan, eta programan aurkezle izandakoak ere agertuko dira. Bertara joateko gonbidapenak lortzeko bi bide daude: 943 360 304 telefonora deitzea edo hh20@digitalak.com helbidera idaztea.