Uztailaren 11tik 16ra 2016-06-16

Donostia munduko kantu inprobisatuen topagune bihurtuko da

Goizetan jardunaldi akademikoak izango dira Miramar Jauregian. Arratsaldeetan, berriz, saioetan ariko dira bertsolariak Austriako, Galeseko, Herrialde Katalanetako, Kubako, Mexikoko eta Zipreko inprobisatzaileekin batera.
 Hiru fasetako ekimena da "Europa bat-batean" proiektua. Joan zen udazkenean Katalunian eta Leonen izan ziren bertsolariak, inprobisatzaile galiziar, kanariar eta katalanekin batera. Udaberrian, Euskal Herrira etorri ziren inprobisatzaile sardiniar, kurdu eta katalanak. Uztailaren 11tik 16ra izango da hirugarren fasea, Donostian topaketak egingo baitira.

 Jardunaldi akademikoak goizetan

 Goizetan saio akademikoak egingo dira Miramar Jauregian. Denera 19 hitzaldi, bi mahai inguru eta "Glosadors" dokumentalaren emanaldi bat ere izango dira bertan. Egun bakoitzean gai bat landuko da: uztailaren 11n, astelehenez, munduko kantu inprobisatuen deskribapenak egingo dira; hilaren 12an kantu inprobisatuaren transmisioaz ariko dira hizlariak; uztailaren 13an kantu inprobisatuak eta generoa landuko dira; uztailaren 14an kantu inprobisatuen mapa orokorraz ariko dira eta ostiralean, uztailaren 15ean alegia, kantu inprobisatuen eta hizkuntza gutxituen arteko harremanaz ariko dira. Gainera, Beñat Krolemen "Oholtza" erakusketa ikusteko aukera izango da egunero Miramar Jauregian bertan.

 Matrikula egiteko aukera dago jada hemen klik eginda.

 Saioak arratsaldeetan

 Arratsaldeetan bat-bateko saioak egingo dituzte Austria, Gales, Kuba, Mexiko, Zipre eta Herrialde Katalanetako ordezkariek Euskal Herriko bertsolariekin batera. Saioak iluntzeko 19:00etan izango dira, Donostiako puntu desberdinetan.
 
 Uztailaren 11n portuko arranplan izango da saioa, eta itsasoarekin harremana duten herrialdeetako inprobisatzaileak ariko dira kantuan.

 Hurrengo egunean, Donostia 2016ren egoitzan saio berezia egingo da.

 Uztailaren 13an, berriz, Tabakaleran izango da saioa, eta munduko emakume inprobisatzaileak elkartuko dira saioa egiteko. Uxue Alberdi izango da saioko gidaria.

 Uztailaren 14an, ostegunez, Donostiako Alde Zaharrean barrena poteo formatuko saioa izango da.

 Uztailaren 15ean Oñatin egingo da saioa, poteo formatuan hau ere.

 Azkenik, uztailaren 16an, herrialde guztietako ordezkariek elkarrekin kantatuko dute Kursaaleko jaialdian.

 Zortzi bertsolari

 Saio bakoitzean kantatuko duten ordezkariak txandakatu egingo dira. Hala ere, bertsolariak saio guztietan ariko dira. Saioz saio, honako zortzi bertsolari hauek kantatuko dute: Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Julio Soto. Aurkezle lanak, berriz, Maite Berriozabalek eta Alaitz Rekondok beteko dituzte.

 Sarrerak eskuragarri

 Saio gehienak dohan izango diren arren, Kursaaleko, portuko eta Tabakalerako saioetarako sarrerak aurrez eskuratu beharko dira www.bertsosarrerak.eus atarian.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa