Gaur abiatu da Europa Bat-Batean ekimenaren udako Topaketa. Austria, Espainia, Zipre, Brasil eta Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuen azalpenak izan dira Miramar Jauregian.
Astebetez herrialde desberdinetako kantu inprobisatuak elkartuko dira Donostian, Europa Bat-Batean ekimenean. Hizkuntza desberdinetan aritu arren, bat-bateko kantua oinarri duten jardunen berri jaso dute gaur goizean Miramar Jauregira hurbildu direnek. Denera bost hitzaldi izan dira bertan, eta, goiza borobiltzeko, Beñat Krolemek “Bertsolaritza eta irudia” erakusketaren azalpena eman du. Aste osoan zehar izango da erakusketa Miramar Jauregian.
Herrialde Katalanetako kantu inprobisatua
Josep Vicent Frechinak eman die jardunaldiei hasiera. Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuen deskribapen bat egin du berak. Gaur egun bi dinamika elkartu direla azaldu du: alde batetik, lurralde bakoitzak bere tradizioa biziberritzeko lanari ekin dio. Bestetik, tradizio guztietatik edaten duen glosa modernoa ere indartsu sartu da: kantu inprobisatuen erregistro desberdinak elkartzen dira bertan, baliabide bezala.
Thomas Nussbaumerrek Austriako kantu inprobisatuaren deskribapena egin du ondoren, “Gstanzk” izenekoa. Bavarierazko jardun inprobisatua da eta gehienetan lau lerrotako bertsoak izan ohi dira, lelo batez lagunduak.
Etengabeko eraldaketan dabil Cartagenako Trovoa ere, Jose Sanchez Conesak azaldu duenez. Antzinako tradizioa izan arren, XIX mende erdialdean meatzaritzak izandako bultzadaren eraginez, jatorri eta folklore desberdinetako langileak hurbildu ziren bertara, eta jatorrizko trovoa eraldatu egin zen, flamenkoaren eragina jasota. Hori da gaur egunera iritsi dena. Espainiatik kanpo, batez ere Hego Amerikan, trovoa ulertzeko modu desberdinak aurkitu izanak ere bultzada bat eman omen dio bertako tradizioari.
Zipreko jardun inprobisatuaren inguruan aritu da Marios Poullas bere hitzaldian. Jatorriz amodioari eta bestelako pasioei kantatzen bazitzaien ere, Turkiak uhartearen zati bat inbaditu izanak gaitegia eraldatu egin zuen, eta galdera sentimendu horri ere kantatu izan diote inprobisatzaileek.
(Laburpen bideoa ikusgai hemen). Brasil Ipar Ekialdeko hiritartzea
Hego Amerikara begira jarri da Thierry Rougier. Urteak daramatza Brasil Ipar Ekialdea ikertzen, eta arreta berezia jarri die bertako inprobisatzaileei. Jatorriz landa eremuko tradizioa izan arren, hiritartze prozesuak eragin handia izan du bertako kantu inprobisatuan ere: inprobisatzaile asko hegoaldeko hirietara joan dira, eta kantatzeko modua eta gaitegia ere aldatu egin ditu horrek. Jarduna zabaldu eta aberastu egin omen du aldaketa horrek.