"Hegemonikoki gizonezkoa izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreen azterketa" egin dute Gema Lasartek, Amaia Alvarez Uriak, Ana Isabel Ugaldek, Pablo Lekuek eta Judit Martinezek. Zeintzuk dira faktore horiek?: bertsolaritzaren modernizazioa, bertso eskolen sorrera, genero identitatearen eraikuntza edo kontzientziazioa, erreferenteen agerpena eta emakumezko bertsolariak eginiko ekimenak. Lana sarean argitaratu dute.
"Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora" lana aurkeztu du EHUko ikerlari talde batek, Emakunderen bekak lagundutak. "Hegemonikoki gizonezkoa izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreen azterketa" egin dute Gema Lasartek, Amaia Alvarez Uriak, Ana Isabel Ugaldek, Pablo Lekuek eta Judit Martinezek. Zeintzuk dira faktore horiek?: bertsolaritzaren modernizazioa, bertso eskolen sorrera, genero identitatearen eraikuntza edo kontzientziazioa, erreferenteen agerpena eta emakumezko bertsolariak eginiko ekimenak. Lan hau egiteko 35 bertsolari elkarrizketatu dituzte, gehienak emakumezkoak eta galdetegi bidez beste 200 bertsolarirengana ere iritsi dira.
Bilakaera historikoa ere aztertzen du lanak. Ana Isabel Ugalde historialariaren arabera, XV. mendekoak dira emakumea eta bertsolaritzaren lehenengo aipuak, beraz, pentsatzekoa da aurretik ere bazela errealitate hori.
Ikerketaren ondorio nagusiak:1-Egindako errebisio bibliografikoan, historiak erakutsi digu emakume bertsolarien bilakaera ez dela lineala izan, ezta molde bakarrekoa ere, anitza baizik. Eta bilakaera horretan ikusezintasuna eta ahanztura izan dira nagusi. Hala ere, andre bertsolarien lorratza poliki-poliki agerian jartzen ari da.
2.-Modu berean, bertsolaritza modernizatu egin dela ikusi dugu. Publikoa ez ezik bertsolarien profila aldatu da.
3.-Elkarrizketatuek aipatzen dute, 1990eko hamarkadara arte itxaron beharko dugula emakume bertsolariak izateko taula gainean, erreferente femeninoak izateko, garai hartako femeninotasun androgino edo ‘neutralizatuan’ bada ere. Orduan agertu ziren Iratxe Ibarra Bizkaian, Maialen Lujanbio Gipuzkoan eta Estitxu Arozena Nafarroan nabarmenen.
4.-Bertso eskolatik oholtzarako saltoa inflexio gunea da bertsolarien eraketan. Leku segurutik, presiora eta bakardaderako saltoa da. Horren ondorioz, nahitaez landu behar dira seguritatea eta autoestimua. Bertso eskoletako babesa ez da galdu behar. Baina, halaber, krisia eta kontzientzia hartzeko unea ere bizi behar da.
5.-Kontzientziaren sorrera aipatzerakoan, konturatzen dira esperientzia behar dela eta bizitakoa konpartitzeak asko laguntzen duela. Berdinen artean jasandakoa partekatzean jabetzen dira eurena ez dela kasu isolatua izan, egitura soziala errepikatzen dela emakume guztien bizipenetan. Eta, diotenez, ispilu efektu horren ondorioz errealitatea ez dute berriro berdin ikusiko. Aurretik ikusten ez zituztenak argi ikusiko dituzte aurrerantzean, eta horrek haien burua birkokatzera behartuko ditu.
6.-Prestakuntza dela eta, aipatzen dute oholtzan eta txapelketetan babesa eta indarra lortze aldera emozionalki indartsu egon behar dela. Emakumeek eroso eta gustura esperimentatzeko guneak behar dituztela. Hori ez ezik metodologia bat burua eta gorputza, biak, kontuan izaten irakatsiko diena.
7.-Emakume bertsolariak elkar deskubritzean, plazak egiten hasitakoan hurbil izan dituztenak kantuan, eredu, kide, konplize bihurtu direla aipatzen dute. Eta orduan etorri zaie kontzientzia batzuei, orduan konturatu dira haien erreferenteak ordura arte gizonezkoak izan direla, eta orduan, aldi berean, hasi dira emakume bertsolariak agertzen, eta elkarri begiratzen.
8.-Maialen Lujanbio izan da XXI. mendeko erreferentzia nagusietako bat. Imitatzeko eredu nagusi bihurtu da. Askorentzat bere txapela sinbolo eta berrikuntza proposamena izan da, baina hori formaltzea, ofizialki aitortzea falta da.
9.-Erreferenteetan, gehien errepikatu den gizonezko bertsolari garaikidea Igor Elortza izan da, erdiak baino gehiagok izan dute kontuan. Horri hurbiletik jarraitzen diote Andoni Egañak eta Unai Iturriagak elkarrizketatuen erdien aipamenekin. Gero Xabier Amuriza eta Jon Sarasua datoz.
10-Diskurtso propioa eraikitzen. 2000. urtetik aurrera orain arte izan den aniztasun handiena aurkitu dugu plazan. Badira emakume bertsolariak, Maialen Lujanbiok aurretik egin bezala, bere bidea egiten hasi direnak. Ahots propioaren bila dabiltzanak. Emakume bertsolariei dagokien ez, hasieran “nesken taldea” zena gero eta pertsonalizatuagoa izaten ari dela ikusi dugu. Hau da, bertsolari bakoitzak badu bere modua eta hori gizonengan argi ikusi izan den moduan, emakumeengan gero eta argiago ikusten ari da.
11.-Ikusi ahal izan dugunez, emakume bertsolariek ahalduntze bidean lan ugari egin dute, beharra emakumeengandik sortua izan da eta estrategiak emakumeengandik pentsatuak. Horrela, urteetako kantu isilaren ondoren, Bertsozaleen Elkarteak Genero Batzordea martxan jarri zuen 2009an.
12.-Halere, agerian geratu da Genero Batzordea sortu aurretik eta ondoren emakume bertsolarien ekimenak ugariak izan direla eta emakume bertsolariari kultur eremu honetan agentzia eman diotela denboraren joanean. Ikusezin izatetik bertso jardunetan, epaimahaietan eta publikoan ikusgarri izatera pasatzen lagunduz.
13.-Emakume bertsolariek emakumeen aliantzen beharra aipatzen dute, aitortuak sentitzeko, baloratuak sentitzeko eta kontzientzia feminista lortzeko.
14.-Modernizazioa, bertso eskolen sorrera, genero identitatearen eraikuntza edo kontzientziazioa, erreferenteen agerpena eta emakumezko bertsolariak eginiko ekimenak dira hegemonikoki gizonezkoena izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbideratu duten iniziatiba eta faktoreak. Eta ikerketa honek begi bistan jarri dituenak.
15.-Etorkizunari begira, bertso eskola feminista abian da, emakumeak ahalduntzeko esperimentazio berria, gizonezkoa hegemonikoki izan den plazan agentzia hartzen hasteko metodologia eta modua.
Ikerketa sarean dago argitaratuta helbide honetan