Asier Amondo Korrikako koordinatzailea izango da aste honetako gonbidatua. Laudio eta Markina-Xemeingo bertsoaldi onenak eskainiko ditu programak, eta aste honetako historikoan 1991ko martxoan Tolosan AEKren alde egindako jaialdi bateko bertsoaldi bat izango da ikusgai.
Bi urtetik bi urtera euskararen geografia osoa ikustarazten duen ekimen erraldoia da Korrika. 2017ko udaberrian abiatuko da hogeigarren edizioa, eta Asier Amondo laudiotarra ariko da koordinatzaile lanetan. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako protagonista. Korrikan eta AEKn egindako lanaz ariko da hizketan, baina baita bertsolaritzaz ere. Besteak beste, Arabako txapeldun izan zen orain dela urte batzuk bertsopaperetan, eta Laudioko bertso-eskola ere gertutik ezagutzen du. Arabako lehenengo bertso-eskola izan zen Laudiokoa, 1981ean sortu baitzen.
Korrikari buruz 1991n
Korrika izango da aste honetako bertsoaldi historikoko gaia ere. 1991ko martxoan AEK-ren aldeko bertso-jaialdi jendetsua egin zuten Tolosan. Tartean ziren Andoni Egaña, Imanol Lazkano eta Jon Lopategi, eta Korrika gaitzat hartuta saio dotorea eskaini zuten. Bertsoaldi hori ikusgai izango da aste honetako programan.
Dantza eta euskara Laudion
Asier Amondok gidatuta, Laudioko bertso-jaialdira ere joango gara. Aissa Intxausti, Unai Iturriaga, Jon Maia eta Onintza Enbeita aritu ziren kantuan Asier Rubio gai-jartzaile zela, eta saio umoretsua osatu zuten. Saioko unerik onenak ikusgai izango dira aste honetako programan: Jon Maia eta Unai Iturriaga Hugo Chavezen eta Fidel Castroren paperetik munduari ironiaz begira; Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Aissa Intxausti euskaltegian euskara ikasi nahian; Onintza Enbeita eta Jon Maia dantzan; Jon Maia, Unai Iturriaga, Aissa Intxausti eta Onintza Enbeita puntutan... Ironia eta umorea gogotik eskaini zituzten bertsolariek.
Urteroko hitzordua Markina-Xemeinen
Urtea joan eta urtea etorri, bertso-saio jendetsua egiten da Markina-Xemeinen Kontzesio egunez, abenduaren 8an, alegia. Aurtengo honetan Josu Goikoetxea aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta luxuzko seikotea bertsotan: Alaia Martin, Sebastian Lizaso, Etxahun Lekue, Andoni Egaña, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko programan: Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok osatutako galde-erantzun saio antologikoa; Alaia Martin eta Sebastian Lizaso berandu iritsi diren entzuleen paperetik; Andoni Egaña eta Amets Arzallus Iñigo Urkulluren aholkulari lanetan; Sebastian Lizaso eta Etxahun Lekue arrantzan... Ederra atera zen Markina-Xemeingo jaialdia.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.