Hitzetik Hortzera 2017-01-27

Bertso Egunaren errepaso historikoa egingo du Hitzetik Hortzerak

47 edizioren ondoren, fase berri batean sartuko da Bertso Eguna datorren urtetik aurrera. Orain artekoak eman duenaz ariko dira Hitzetik Hortzeran Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga.
 Fase berri batean sartzera doa Bertso Eguna. Donostian 47 edizio egin ondoren, 2018tik aurrera ibiltaria izango da. Askorako eman du orain arteko faseak, ordea, eta errepaso zabal bat egingo du igande honetako Hitzetik Hortzerak.

 Ibilbide bat lau bertsolariren begietatik

 Bertsozale eta bertsolarien arteko bilgune izan da urte hauetan Bertso Eguna, eta asko dira barru-barrutik ezagutu dutenak. Horietako lau elkartuko ditu Hitzetik Hortzerak orain artekoaren errepasoa egiteko: Imanol Lazkano, Laxaro Azkune, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga. Bertso Egunari lotuta dituzten bizipenen berri emango dute: nola sortu zen eta Bertsolari Eguna Bertso Egun nola bihurtu zen azalduko dute bi azpeitiarrek, eta azken urteotako bideaz jardungo dira ditugu Miren Amuriza eta Unai Iturriaga.
    
 Bertsoaldi gogoangarrien errepasoa
   
 Asko dira Bertso Egunak utzitako une gogoangarriak: Bertsolari Egunetan egindako omenaldiak; hasierako urteetan "Agur Jaunak" kantatzerakoan sortzen zen giro hunkigarria; Goierritarrek eskaintzen zituzten saio umoretsuak; azken urteetan Kursaalean egindako esperimentuak... Tartean izan ziren programan elkarrizketatuko dituzten bertsolariak ere. Besteak beste, Araeta jatetxeko afaloste batean bertso jarri musikatuak kantatu zituen Unai Iturriagak; ezagunak egin ziren Miren Amurizak, Maddalen Arzallusek lagunduta, amei kantatutako bertsoak ere eta Imanol Lazkanok Bertso Egun batean iragarri zuen plazako jarduna utzi egingo zuela. Bertsoaldi horiek denak berreskuratuko ditu igandeko programak.
   
 Igandean ikusgai
   
 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.
 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri