Joxe Elorrietarekin Loiura joango da Hitzetik Hortzera
ELAko idazkari nagusi izan zen hogei urtez, eta ia urtero joan izan da Loiuko Aurregoiti jatetxeko bertso-afarira. Aurten Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya aritu dira kantuan. Eta Mutiloan Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek botatako alerik onenak ere jaso ditu programak.
20 urtez ELA Sindikatuko Idazkari Nagusi izan ondoren, berriz ere zeresana ematen ari da Joxe Elorrieta. Liburu berria argitaratu ondoren berarekin elkartu da Hitzetik Hortzera, eta bere konpainian joan da Loiuko Aurregoiti jatetxean urtero egiten den bertso-afarira. Urtero xamar izan da bertan Joxe Elorrieta, eta sindikalgintzaz, erretiratu osteko asmoez eta bertsolaritzaz jardungo da hizketan. Sebastian Lizaso Lizarra-Garaziz kantuan
Bereziki gogoan du "Lizarra-Garazi" ekimena Joxe Elorrietak. Bertsogintzak berezkoa du gaurkotasun politiko eta sozialari kantatzeko joera, eta 90. hamarkada bukaera hartan maiz kantatu zitzaion gaiari. Sebastian Lizasok 1999an gai horri kantatu zion Zegaman egindako bertso jaialdian, eta bertso horiek berreskuratuko ditu igandeko Hitzetik Hortzerak.
Txarriboda Loiun
Loiuko saioan Arkaitz Estiballes eta Xabi Paya jardun ziren bertsotan, eta Iñaki Beitia "Arbildu"-k lagundu zien gai-jartzaile lanetan. Xabi Payari Donostia 2016 ekimenaz galdetu zion, eta Arkaitz Estiballes laster iritsiko den Korrikari buruz ere jarri zuen kantuan.
Bertso-afaria Mutiloan
Aste honetako programan beste bertso-afari bateko ale onenak ere bilduko ditu programak. Otsailaren 25ean Mutiloan aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Urtero jolasen bat izaten da bertso-afarian, eta aurten ere menu berezia prestatu zuten antolatzaileek: plater tradizional bat eta, ondoren, haren bertsio modernoa jarri zieten jateko. Zaharraren eta berriaren arteko jolas hori bertso-gai bihurtu eta bertsolaritzara ekarri zuten.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.