Hitzetik Hortzera 2017-03-17

Ainara Azpiazuren hitzek marraztuko dute igandeko Hitzetik Hortzera

Bi bertso-saiotako ale onenak ere eskainiko dituzte: martxoaren 9an Durangon Bertso Korrikaren barruan Igor Galartzak, Nerea Ibarzabalek, Oihana Bartrak eta Eneko Abasolo "Abarkas"-ek osatu zutena eta biharamunean Usurbilen Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Ane Labakak egindakoa.
 Aurpegi ezaguna da Ainara Azpiazu "Axpi" ilustrazio eta komikigintza munduan. Berrian, H28-n eta Hernaniko Kronikan zintak egin izan ditu, eta hainbat kartelen egile ere bada, tartean, baita hainbat bertso-saiotakoak ere. Bera izango da aste honetako programako gonbidatua, eta komiki eta ilustrazio munduez eta bertsolaritzarekin duen harremanaz jardungo da.

 Andoni Egaña tatuaia egile
    
 Zeharka bada ere marrazkiei lotuta egongo da aste honetako bertsoaldi historikoa ere. 1998ko apirilaren 4an bertso jaialdia egin zuten Seguran. Egun hartan gai-jartzaile lanetan aritu zen Maialen Lujanbiok tatuaia egile paperean jarri zuen Andoni Egaña; eta Mikel Mendizabali, Gregorio Larrañaga "Mañukorta"-ri, Joxe Agirreri, Anjel Mari Peñagarikanori, Sebastian Lizasori eta Iñaki Muruari larruazalean ze marrazki egin zizkien kantatu zuen. Bertsoaldi gogoangarria atera zen, bai Andoni Egañaren irudimenagatik eta baita atzekoen erantzunengatik ere.
   
 Bertso Korrika Durangon
   
 Bertsozale Elkartearen eta AEKren elkarlanetik sortutako proiektua da Bertso Korrika. Korrika aitzakiatzat hartuta, tokian tokiko bertso-eskola eta euskaltegiak harremanetan jarri eta bertso-saio bereziak antolatzen dituzte. Hirugarren edizioa bete du aurten ekimenak. Martxoaren 9an ziklo honetako saio bat egin zuten Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Erika Lagoma gai-jartzaileak jarritako ariketak fin bete zituzten Eneko Abasolo "Abarkas"-ek, Igor Galartzak, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Bartrak. Bertsoaldirik onenak eskainiko ditu igandeko programak.
   
 Urteroko hitzordua Usurbilen
   
 Biharamunean, martxoaren 10ean alegia, Usurbilgo Artzabal jatetxean izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak. Martxoaren 8aren bueltan bertso-afari berezia antolatu ohi dute urtero, eta ederra atera zen aurtengoa ere. Idazle desberdinen testuetatik abiatuta jarri zituen gaiak Maider Arregik, eta umorez erantzun zuten Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Ane Labakak. Bertsoaldi onenak eskainiko ditu igandeko programak.

 Igandean ikusgai

   
 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa