Hitzetik Hortzera 2017-04-21

Txapelketa Nagusiei begira bukatuko da Hitzetik Hortzeraren denboraldia

Aurten mende erdi beteko da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Txapeldun Uztapide atera bazen ere, Xalbadorrek jasotako txistualdia bertsozaleen gogoetan iltzatu da. Txapelketa hartatik 2013kora arteko errepasoa eginez, udazkenean iritsiko den Bertsolari Txapelketa Nagusira begira jarriko da programa.
 Igande honetan bukatuko da Hitzetik Hortzeraren denboraldia. Eta denboraldia saio berezi batekin borobilduko du, Bertsolari Txapelketa Nagusien errepaso historikoa eginez.

 1967ko txistuak

 Aurten mende erdi beteko da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Txapela Uztapidek jantzi bazuen ere, Xalbadorrek jasotako txistualdiak egin zuen ezagun txapelketa hura. Eta handik abiatuko da programak txapelketaz txapelketa egingo duen ibilbidea.

 Xabier Amurizaren bi txapelak

 1980an eta 1982an Xabier Amurizak jantzi zituen txapelak. Bertsogintza ulertzeko modu berri bat ekarri zuen, bai doinuetan eta baita gaitegian ere. Eta, batez ere bakarkakoetan, bertsozale askoren gogoetan iltzatu ziren bertsoaldiak utzi zituzten txapelketa haiek.
 
 Belodromorako jauzia

 1986an Baldatik Belodromorako jauzia egin zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Urte hartan Sebastian Lizaso geratu zen txapeldun. 1989an, berriz ere Belodromoan jokatu zen finala, eta Jon Lopategik eskuratu zuen txapela. Bertsozale Elkarteak antolatutako lehenengo txapelketak izan ziren haiek, eta bertsolaritza goraldian sartua zegoen.

 Andoni Egañaren aroa

 1993, 1997, 2001 eta 2005eko txapelak buru beraren gainean geratu ziren: Andoni Egañak lau txapel jantzi zituen. Lehenengo hirurak Donostiako Belodromoan izan ziren, eta Barakaldoko BEC-en jantzi zuen laugarrena.

 Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen txapelak

 Azkeneko bi txapelketetako finalak ere Barakaldoko BEC aretoan egin dira. 2009an Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela eta Amets Arzallusek 2013an. Hortxe bukatuko du programak errepasoa, eta 2017ko udazkenean iritsiko den Txapelketari begira jarriko da. Txapelketarekin batera itzuliko da Hitzetik Hortzera ere, formatua berrituta.

 Iritziz hornitutako programa


 Eta ibilbide honetan luxuzko gonbidatuak izango dira programan: Mixel Itzaina, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga ariko zaizkigu txapelketek utzitakoa aletzen eta aztertzen.

 Igandean ikusgai

 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri