Larunbatean jokatu zen finala Saran 2017-06-12

Aroa Arrizubieta gasteiztarra eskolarteko txapeldun

Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi du Euskal Herriko eskolarteko txapelketa. Joanes Ilarregi leitzarra gelditu da bigarren. 200 lagun inguru bildu ziren Sarako trinketean finala jarraitzen. Arratsaldean Odei Barroso eta Iñaki Viñaspreren rapak jarri zuen festa. Gutxi barru sarean izango dira finaleko bertsoaldi onenak.
Lehen aldiz historian Arabako betsolari gazte batek irabazi du Eskolarteko txapela. Zazpi herrialdeetako bertsolariak aritu ziren kantuan eta Aroa Arrizubieta gasteiztarra izan zen irabazle eta Joanes Illarregi leitzarra bigarren. Arrizubietari Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi zion txapela. Sarako trinketean jokatu zen finala herriko bertso-eskolako gaztetxoen agurrarekin. Entzule aldetik ere berotasun handia izan zuen Lapurdiko finalak. Trinketeko kantxa erabat bete zuten 200 lagun inguruk.

Hamairu bertsolari gazte aritu ziren oholtzan: Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio), Iruri Altzerreka Martinez (Garai), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz), Julene Etxeberri Pacheco (Sara), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai), Haritz Capot Thornary (Zalgize), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo), Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura) izan dira oholtza gainean. Haien jarduna gidatzen Pantxika Solorzano. Epaile lanetan, berriz, Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elorza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.


Ahots baten sormen egonaldia izango dute sari
Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaile guztiek Ahots baten sormen egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Gabonetan egiten den egonaldi honek ahozko euskal kultur adierazpideak lantzen aritzen diren gazteak biltzen ditu – bertsolaritza, antzerkia, kantagintza eta literatura – eta horrek gainerako sortzaileekin harreman sareak egiteko eta sorkuntzarako beste bide batzuk esperimentatzeko parada eskaintzen die.

Bihar finalista guztien hitzak sareratuko ditu Bertsoa.eus-ek.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri