Bertso udalekuak 2017-07-07

Gazteak udan bertsozaletzeko gune

Gazteak udan bertsozaletzeko gune
Aste honetan abiatu dira, hogeigarrenez, Bertso Udalekuak. Orion, Irañetan, Muxikan, Bidarrain eta Zuhatzan izango dira txandak. Bertsozale Elkarteko Aisialdi Batzordeko Malen Amenabarrek azaldu digu bertsozaletzeko eta bertso munduko harremanak sendotzeko gune direla udalekuak.

 Urtea joan eta urtea etorri, bertso-eskoletan dabiltzan gazte eta gaztetxo askoren topagune bilakatu dira Bertso Udalekuak. 1998an Hazparnen Iparraldeko Bertsolarien Lagunak Elkarteak eta Udal Leku Elkarteak antolatutako egonaldian abiatutako ekimenak hogeigarren edizioa beteko du aurten.

 Bertsozaletzeko gune

Bertsozale Elkarteko Aisialdi Batzordeko kide da Malen Amenabar larrabetzuarra. Azaldu digunez, bertsoa beste eremu batzuetara eramateko balio dute Bertso Udalekuek: "bertso-eskoletako gazte eta gaztetxoen arteko harreman sarea indartzeaz gain, bertsoa beste sormen diziplina batzuekin uztartzeko ere balio dute udalekuek". Beraz, bertsoa "aitzakia" ere bada jolas egiteko eta bestelako balio batzuk lantzeko.

 Bertsoak lantzeko tresna

 Dena den, Bertso Udalekuetan bertsoa ere lantzen da espreski: txanda bakoitzera bertsolariak joaten dira bisitan, eta gazte eta gaztetxoekin egoteaz gain bertso-afari bat ere eskaintzen dute. Eta bertso-eskola modukoak ere izaten dira txandetan.

 Bertso-eskolara joateko pausua

Malen Amenabar begirale bezala ere aritzen da gaur egun. Aurten Muxikan izango da uztailaren 22tik 31ra. Gaztetxotan ezagutu zituen Bertso Udalekuak, eta garbi du zer eman zioten: "Udalekuetara joan izan ez banintz ez nintzen bertso-eskolara joango". Han egindako harreman sareak bultzatu zuen bertso-eskolara beraz.

 Euskal Herri osoko proiektua

 Euskal Herriko osoko gazte eta gaztetxoak elkartzen dira Bertso Udalekuetan. Nork bere euskalki eta mundu ikuskera eramaten du bertara, eta elkar ezagutzeaz eta bertsotan jarduteaz gain, bestelako kultur adierazpenak ere lantzen dituzte. Aisialdian eta bertso munduan esperientzia duten hezitzaile, zuzendari eta begiraleak aritzen dira guztia dinamizatzen.

 Bost txanda

 Aurtengoan ere bost txanda izango dituzte Bertso Udalekuek. Uztailaren 10era bitarte 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak egongo dira Orioko Itxaspe Baserrian. Ondoren, uztailaren 11tik 20ra, Irañetan izango dira Bertso Udalekuak. 13 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak elkartuko dira Juantzirena aterpetxean. Hurrengo egunean, uztailaren 22an alegia, hasiko da Muxikako Txanda. 15 eta 16 urte bitarteko gazteak Gorozika Natur Eskolan izango dira hilaren 31ra arte. Garai berean izango da Bidarraiko txanda ere. 17 eta 18 urte bitarteko gazteak ibiliko dira Menditarrenia aterpetxean. Azkenik, abuztuaren 21etik 25era, 9 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek Zuhatza uharteko aterpetxean izango dute hitzordua.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri