Xabier Amurizari elkarrizketa 2017-08-03
2016ko apirilaren 29a. Bertsozale askoren gogoan iltzatuta geratuko den data da. Egun hartan egin zuen Xabier Amurizak bere azkeneko bertso-saioa Altzon, alaba, Miren Amuriza, bertsokide zuela. Aurretik, lau hamarkadatako bertso-ibilbide oparoa osatua zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapel jantzita.
Belaunaldi desberdinetako bertsolarientzat erreferente izan da Xabier Amuriza. Tartean, Andoni Egañarena. Zarauztarrak egindako elkarrizketa mamitsua argitaratuko dugu, astez aste, Bertsoa.eus-en.
Haurtzaro bakarti bat Etxanon
Torreburu baserritik Etxanorako bidea hamaika aldiz egin behar izan zuen Xabier Amurizak bere haurtzaroan. Mendi-bideko ibili bakarti hartan hasi zen doinuak errepasatzen eta erritmoarekin jolasean. Hizketan baino lehenago hasi zen kantuan bere familiakoen harridurarako, eta betidanik izan zuen harreman estua kantuarekin eta bertsogintzarekin.
Osabak soinuan Bizkargitik ekarria
Haur guztiak Paristik zetozela esaten zen garai haietan. Xabier Amurizari, ordea, osabak Bizkargitik soinuan gordeta ekarri zuela esaten zioten. Bere ibilbidearen oinarri izan ziren haurtzaroan ezagututako pasarte eta lekuak.
Lehenengo saioa mostradorean
Zazpi urterekin egin zuen lehendabiziko bertso-saioa Bizkargin, aita bertsokide zuela. Urteroko erromeriara joan, tabernako mostradore gainera igo, eta handik kantatu zituen bat-bateko bere lehendabiziko aleak, inguruan zituenen gozamenerako. Egun hark kezkak ere eragin zizkion ordea: ordutik aurrera bertso-eske hasi zitzaizkion denak, mutikoa itotzeraino.
Aitaren bertsopaper galduak
Bertsozaletasuna etxetik jaso zuen Xabier Amurizak. Kontatzen duenez, aita oso zuen bertsozalea, eta Basarrik Gernikari buruz jarritako bertsopaperak zeuzkan etxean. Halako batean, mendian galdu omen zituen paperak, eta egunak eman zituen bila eta bila, harik eta maskalduta aurkitu zituen arte.
Seminarioko urteak
Gaztaroan seminariora joan zen Xabier Amuriza, apaiz ikasketak egitera. Hango giro itxian eta errepresio moralean zaletu zen berriz bertsoarekin, eta errosarioa eskutan zuela bertsoak pasatu zituen bere gogoan. Buru-gimnasia hori izan zuen gero bertsotan egingo zuen bidearen abiapuntu.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-30
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-23
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16