Bertsopaperak aurkezteko epea uztailaren 1ean itxiko da. Antolatzaileek hiru maila bereizi dituzte: gaztetxoen maila, gazteena eta helduena.
Martxan dago, aurten ere, Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketa. XVIII. edizioa da aurtengoa, baina antolatzaileek ez omen dute nekerik nabarmentzen. Aitor Calvillo, antolatzaile taldeko kideak azaldu duenez, "gutuko aldapan nekerik ez" omen da izaten: "Hasi ginenean Joxemiel Iztueta bera bizi zen hartean. Urtebetera joan zitzaigun eta hor darraigu bere ezizena daraman bertsopaper lehiaketa antolatzen. Indarrean esan genezake, gainera, antolaketan jende gaztea ere sartu baita eta hori beti da eskertzekoa. Ordiziako Udalaren laguntza ere aipatzekoa izan da urte hauetan guztietan."
Antolatzaileek azaldu dutenez Joxe Migelen babesa bilatu omen zuten hasieratik, "bera baitzen une hartan Goierriko bertsolaririk ezagunena". Gazteenei bera aurkeztu nahi diote "bertsolaritzaren eredu bezala".
Aurtengoan ere hiru kategoria bereizi dituzte.
Gaztetxoen mailan, 13 urtera artekoek eman dezakete izena, 2009an 14 betetzen ez dituztenek alegia. Parte hartzaile bakoitzak gutxienez 2 eta gehienez 4 bertso bidali ditzake. Gainera, honako gai honi buruzko sorta idatzi beharko dute: "Aurten ez omen goaz oporretara kanpora".
Gazteen mailan 14 eta 18 urte artekoek har dezakete parte. Kasu honetan gutxienez 8 eta gehienez 12 bertsoko sortak bidali ahal izango dira.
Azkenik, helduen mailan ariko dira 18 urtetik gorakoak. Hauek ere gutxienez 8 eta gehienez 12 bertso idatzi beharko dituzte.
Parte hartzaile bakoitzak aukera dauka nahi adina sorta bidaltzeko. Lanak UZTAILAREN 1a baino lehen bidali beharko dira honako helbide honetara: ARGI BERRI elkartea (Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa), Gipuzkoa Kalea 15-behea, 20240 Ordizia. Bestela, e-postaz bidal daitezke lanak honako helbide honetara: aitor-c@ahize.aek.org
Gaztetxoei gaia jartzearen zergatiaz galdetuta, hauxe dio Aitor Calvillok: "13 urtetik beherakoei lanak erraztearren. Gure asmoa hori izanagatik ere bateren batek esan izan digu gaiarekin ezin asmaturik ibili dela eta… Baina, oro har, gure helburua idatzi behar dituzten 2, 3 edota 4 bertso horiek bideratzen laguntzea da. Gaiek betiere euren adinarekin zerikusia izaten dute edota nahiko bideratuak izaten dira."
Euskal Herrian ospetsu bilakatu da Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa. Aitor Calvillok dioenez "batez beste 30 bat lan" jasotzen dituzte urtero: " Izan da 60 jaso ditugun urteren bat, baina hori ikastetxe bateko talde bateko ikasle guztienak bidali zituelako irakasle batek izan zen. Mailen artean ere, normalean helduen mailan jasotzen ditugu lanik gehienak. Honek ez du esan nahi, ordea, mailarik altuena helduetan ematen denik, azken aldian sumatu baitugu gazteek bidalitako bertsoek hainbat heldurenak baina maila altuagoa dutela. Jatorriari dagokionean, gehienbat Gipuzkoako bertsolariek bidalitakoak izaten dira. Euskal Herritik kanpotik ere jaso izan dugu lanen bat (Errumaniatik urte batean). Sona handiko lehiaketa izatearen arrazoietako bat izan daitezke banatzen ditugun sari oparoak: 3 mailatan 3na sari (helduen mailan lehenengoak 500 ¤)."
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.