Udako Ikastaroak 2017-08-23

Bertsolarien kantaera eta sormena aztergai Miramar Jauregian

Ostegunean eta ostiralean izango dira ikastaroak. Lehenengo egunean Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio izango dira hizlariak eta Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Jon Martin bigarrenean.

 Azken urteotan bertsolaritzak bere lekua izan du EHUko Udako Ikastaroetan. Aurtengoan bertsolarien kantaera eta sormena izango dira aztergai Miramar Jauregian. Ostegunean eta ostiralean izango dira saioak.

 Bertsolarien kantaera

 Lehenengo egunean kantaera izango dute aztergai. Hasteko, Ainhoa Aizpurua bertsolaritzaren prosodiaz ariko da, eta hitzaren eta musikaren arteko harremana ulertzeko gakoak emango ditu.

 Ondoren, Itziar Navarrok bertsolarien kantaerak denboran zehar izan duen bilakaera azalduko du, Oiartzungo kasua adibidetzat hartuta.

 Atsedenalditik bueltan Maialen Lujanbioren txanda izango da, eta bertsolari baten begietatik doinuak eta kantaerak duten esanahiaz ariko da.

 Bukatzeko, mahai-ingurua egingo dute hirurek.

 Bertsolarien sormena

 Ikastaroko bigarren egunean bertsolarien sormena izango da ardatz. Hasteko Eñaut Agirre jardungo da hizlari lanetan, eta ahozko hizkeraren ezaugarriek bertsolarien bat-bateko jardunean duten presentzia azalduko du.

 Ondoren, Oihana Iguaranek bertsogintzaren eta hedabideen arteko harremanaren inguruko azalpena emango du.

 Atsedenaldiaren ostean Jon Martin sormenaz eta jarioaz ariko da eta hiru hizlarien mahai-inguruak borobilduko du saioa.

 Ikerketak oinarri

 Ostegun eta ostiraleko hitzaldi gehienak hizlariak egiten ari diren ikerketetan oinarrituta egongo dira. Horietako zenbait bertsolaritzaren inguruko doktore-tesiak egiten ari dira EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzei, Mikel Laboa Katedrari eta Mintzola Ahozko Lantegiari esker.

 Izena emateko aukera zabalik

 Ikastaroa hasi arte matrikulatzeko aukera zabalik egongo da hemen.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu