Bertsozale Elkarteak proposatuta 2017-09-20

Bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko bidean

Bertsolaritza  Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko bidean
Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatuko du, ondare materiagabe gisa eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako babes maila gorena aitortuko dio.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eskaera eginda, Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatzeko bidea ireki du, ondare materiagabe gisara. Modu horretara, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako babes maila gorena jasoko du bertsolaritzak. Hala, egun Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak osatzen duten zerrendara gehituko da bertsolaritza. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte hasieran egin zuen izendapenerako eskaera, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentziari buruzko informazio xehatua aurkeztuz. Txosten horretan, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio moduak azaldu zituen Elkarteak.

Espedientea, gainera, Nafarroako Kultura Ondare Inmaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoa eta etnolinguista den Alfredo Asiain Ansorenaren txosten batekin osatu da.

Babesteko neurriak
Nafarroako Gobernuak izendapenaren berri emateko kaleratutako oharraren arabera, "Nafarroan ongien gorde den eta azpimagarriena den errepentismoa" da bertsolaritza. Orain, izendapenaren bitartez, berau babesteko neurriak jarriko ditu martxan administrazioak, bertsolaritzaren "fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna" saihesteko. 

Jendaurreko argibideak eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteak behin bukatuta sartuko da indarrean neurria, aurtengo udazkenean bertan. 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza