Lehen final laurdena larunbatean 2017-09-21
Larunbatean, Baigorrin, arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera 2017ko Txapelketa Nagusiari. Bertsolariek bere prestaketak burutu, mentalizatze lanak egin, helburuak finkatu, ametsak egin ondoren Baigorriko ezker pareta zain dago lehen agurra entzuteko. Irabazlea zuzenean pasako da finalaurrekoetara.
Lehen sei bertsolari partaideek aurreko egunetan nola dauden ikusi nahi izan dugu.
Guztiak ere berri samarrak dira Txapelketa Nagusian bi bakarrik baitira besteren baten parte hartu dutenak (duela lau urtekoan) eta lau bertsolarik bere lehen aldia izango dute Baigorrikoa. Gogoa eta poza zabaltzen dute beraien hitzek.
Aimar Karrika auriztarrak esaterako “ilusioz, opari moduan “ hartzen du bere lehen parte hartze hau eta urduritasunak gain ez hartzea nahi luke “sobera korapilatu gabe iritsi nahi nuke. Eta bertan sinestuta kantatu kantatzen dudana. Ahalik eta zintzoena jokatuz neure buruarekin” Etxetik gertu tokatu zaio saioa eta horrek pozten du,baina ez luke nahi lotuta igo oholtzara. “Milagro handirik ez dut espero, nere bertsio onena eman nahi nuke, uste dut hori zor diodala nere buruari, bertsozaleei, Elkarteari.. Ea beste bostekin batera saioa egiten dugun”
Saioko beste nafarrak, Xabi Maia elizondoarrak ere lehen txapelketa du oraingo hau eta uste baino lasaiago dagoela dio. Bere lehen Nafarroako txapelketaren finalean lortu zuen Nagusirako sailkatzea eta horrek hasera batean larritasuna ekarri ziola aitortu digu “Nafarroako finala eta gero nere buruari galdetzen nion prest ote nengoen honetarako, eta hor hausnarketa prozesu bat izan nuen kezka hori gainditzeko. Orain eta prestaketa aldi polit baten ondoren, mamuak eta konplexuak kenduta aparteko presiorik gabe noa bertara” Oso denbora gutxian mentalizatu,prestatu... egin behar izan du baina markatu ditu helburuak “Topikoa izango da baina guretik uztea, guk eta jendeak gozatzea, bertan egotea baino gehiago egitea nahi dugu denok eta nik ere bai, Bertsoz bertso ahalik eta hobekien egin eta nere buruarekin gustura geratu”
Gehienek diote txapelketako lehen saioa izateak alde onak eta ez hain onak dituela, baina behin horrela tokatuta...
Beñat Ugartetxeak kasik nahiago zuen lehena ez izan “beste saioren bat ikusita, nolako gaiak, ariketak, diren jabetu...” baina era berean oso trankil dago “beste gauza askorengatik ere burua txapelketatik kanpo eduki dut eta oraindik ez naiz kezkatzen hasi” Bigarren txapelketa du hau eta ez du astirik aurkitu larregi prestatzeko “Bizkaikoetan, edo duela lau urteko Nagusian askoz gehiago prestatu nintzen. Ahalegindu nintzen behintzat horretan. Orain... hobeto nola iritsiko naizen?”
Saioko zaharrena da bera eta oso garbi dauka zer egin nahi duen “Ahalik eta saio umoretsuena egin nahi dut, hortik eman eta jendea akorda dadila handik pasa naizela. Aurrera pasatzeko aukerak egongo dira noski, baina seguruena han geratuko dira”
Mikel Artolak ere ez du pasotik ateratzeko saio bat egin nahi “Ahal dudanetik nahi dudanera da eman nahi dudan pausua. Hurrengora pasatzeko eta kontu horiek ez daude gero gure esku, besteek egiten dutenaren arabera ere bai... Eta neri ardura saioak ematen dit, hor konzentratuta irten nahi dut” Baigorrin kantatzeak ere ilusioa egiten dio “Bestela zapalduko ez genukeen plaza izango zen seguruenik. Eta lehena izateari ez diot garrantzi handirik ematen” Hogeita zortzi urte ditu eta saioko gazteena denik ere ez dago ohartuta alegiarra “Adin bueltakoak izango gera gehienak eta egia esan ondo egiteko garaia oraintxe dugu, edadeari begiratu gabe”
Alaia Martinek hogeita hamar ditu, bigarren txapelketa du hau eta plazako ibilbideak beterano estatusa edo ematen dio. “Plazak oinarria eta konfiantza ematen dizu baina norabidea ahazteko arriskua dago. Horregatik lanketa handia egin dut. Zentzurik zabalenean. Pentsamendua antolatu, gaitegia berritu, ikuspuntuak jorratu... lanketa integralago bat izan da. Garaiz hasi nintzen, eta lana egin izanaren sentsazioa daukat orain” Hasi aurretik ohiko urduritasuna aitortuta ere “kantatzeko eta esateko gogoa” daukala dio oiartzuarrak eta ahalik eta urrutien iritsi nahi du, “Asko kantatu nahi det, gauzak esan nahi ditudan moduan esan eta helmugarik ez badiot jartzen ere mugarik ez diot ipintzen nere buruari”
Beste oiartzuarrak Ander Lizarraldek lehen aldiz dastatuko du oholtzatik Txapelketa Nagusia “beti pentsatu izan nuen zein ederra litzatekeen hor kantatzea, eta orain hor gaudela beste zerbait desio behar dugula ematen du eta ni hori burutik kentzen saiatu naiz. Ezin zaigu ahaztu inportanteena zer den. Bertsotan ondo egitea” Bertso eskolan oso gustura sentitu omen da eta ekaina, uztaila inguruan lana txukun egin omen du “Teknikoki prestatzen gara, etxean koaderno aurrean edo bertso eskolan. Baina behar bada gero garrantzitsuagoa da emozionalki prest egotea, saiora blokeatuta ez ailegatzea, ahal den neurrian lasai eta ilusionatuta” Azken egunotan kanpotik ibiltzeak lagundu dio azken mentalizatze horretan “Distantziatik horri ere duen inportantzia ematea ona da eta horretan nago baino azken aldian erlaxatuegi egoteak ere kezka ematen dit orain”
Aldakorra da beraz bertsolarien tenplea eta egoera. Baigorrin saiatuko dira erakusten orain arte landutakoa sei bertsolariok. 2017ari dagokion lehen saioa izango da. Asteburu honetan bakarra.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24