Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-09-27

Segurako seikotearen helburuak eta aldartea

Segurako seikotearen helburuak eta aldartea
Txapelketa Nagusiko bigarren saioa jokatuko da larunbatean Seguran.Jon Martin, Nerea Elustondo, Beñat Iguaran, Ander Fuentes 'Itturri', Unai Gaztelumendi eta Felix Zubia arituko dira, Oier Suarezek aurkeztuta. Saioko irabazlea finalaurrekoetara pasako da. Bertsoak saio aurreko euren aldartearen berri jaso du.

Segurara, Gipuzkoako Goierrira, egingo du salto Baigorritik Txapelketa Nagusiak. Beste sei bertsolari egongo dira bertako Baratze pilotalekuan bere onena emateko prest. Nolako tenplea duten, zein helburu jartzen dieten, zerk kezkatzen dituen jakin nahi izan dugu atariko honetan. Jon Martin, Nerea Elustondo, Beñat Iguaran, Ander Fuentes 'Itturri', Unai Gaztelumendi eta Felix Zubia arituko dira, Oier Suarezek aurkeztuta. Saioko irabazlea finalaurrekoetara pasako da.

 

Aurreko saioan lau bertsolari baldin baziren bere lehenengo txapelketa zutenak, hemen ere badira hiru herrialdekoetatik Nagusira jauzia egingo dutenak. Unai Gaztelumendik esaterako horren kontzientzia izan nahi du. “Bi urte hauetan presente eduki dudan zerbait da, hala ere beti badatorrela, badatorrela eta lanean gogor  hasteko asmotan eta beti atzeratzen zaigu. Orain zentratuago gaude eta animoso” Eguna gerturatu ahala estuago “Bastante ondo egon naiz, baina Baigorrin sintonia entzun, lagunak asmatzen, sufritzen... ikusi eta korapilatzen hasten da dena” Euskal Herrikoan egonda bere exijentzi maila beteta ikusten badu ere gustatuko litzaioke aurrera egitea. “Oso zaila ere ikusten dut baina nahiko nuke pasatzea. Bi anaiak batera kantatzea...”

 

Beñat Iguaran ere berria da eta egon zen Baigorriko saioan “Egia esan nerbioso samar egon nintzen saioan, baino orain horrek ere lasaitzen nau. Jakin nahi izaten dugu zer gai klase egongo den eta niri  gustatu zitzaizkidan. Bertsotan egiteko modukoak ziren. Ea gero  asmatzen dugun” Bere estiloa azpimarratu eta ateratzen saiatuko da Segurakoan.  “Ez dut abildade askorik gaiari arrazoiketa handiak ateratzeko. Teman aritu, lagunari erantzun, umorea topatzen badugu ondo... Dakigun horretan saiatu beharko dugu” Ez du begirada larunbatetik aurrerago jarri nahi. “Gertatu liteke saio ona egin eta pasatzea, baino ni saioa ahal den komodoena eta ahal dudan neurrian disfrutatzera joango naiz.”

 

Jon Martin da saioko beteranoetako bat. Lau Txapelketa Nagusi ditu dagoeneko eta aurreko hiruretan finalerdietan egon da. “Oraingoan ere nahi nuke hor kantatu baino horrek obsesionatu gabe” Ez dio garrantzia kendu nahi txapelketari. Kontziente da duen dimentsioaz baina neurria hartu nahi dio. “Garrantziak baditu bi kapa. Berez duena euskal kultura eta bertsolaritza mailan eta norberak ematen diona. Eta bigarren horretan saiatu naiz aurtengo hau serenidadez hartzen” Nora ailegatu nahi duen baino garbiago dauka zer egin nahi duen. “Ustez badakit nire maila non dagoen eta jendeak ere badakiela hori uste dut. Beraz hortik abiatuta deseatzen nago aportatzeko moduko zerbait egiteko. Gaiak kokatzeko, bertsotatik harago joateko, ideien orijinaltasuna bilatzeko, esateko modu berriak topatzeko... Ea tokatzen den horretarako aukera”. Bere ustez prestaketa ondo eraman du hori lortzeko eta orain uzta jasotzeko garaia da.

 

Nerea Elustondok hirugarren txapelketa izango du oraingoa eta esperientzia  horretatik abiatuta du bertsotan egiteko asmoa. “ Ez da ohikoa niregan baina gogo handia daukat. Saio txukun bat egin nahi nuke. Topikoa badirudi ere niretik kantatzea, nere tokea ematea. Jendearengana iritsi nere estilotik” Ez du ukatzen presioa ere sentitzen duela “Etxetik gertu kantatzen dut, Bertso Eskolen Eguna da Seguran, jendea egongo da, eta gustatuko litzaidake lotuegia ez egotea” Lehenengo saioan jartzen du begia “ Final erdiak nahia gehiago dira helburua baino. Nere buruari bakarrik jarri nahi diot presioa” Lehen saioa entzun eta gero konturatu da zertara doan “Txapelketa Nagusian jendearen predisposizioa, jarrera, normalean baino beroagoa da, eta hor kantatzea luxu bat dela konturatzen zara”.

 

Aurrelana, prestaketa eginda datorrela aitortu digu Felix Zubiak “orain esperantza edo gogoa daukat hori azaltzeko, ea ikusten den landutako hori” Zertan eman nahi duen pausu hori galdetuta, gaia eta errima aipatzen ditu “ Gaiaren ikuspuntua lantzeko garaian aurrera jo nahi nuke, orijinaltasuna bilatu... Eta errimak lantzen aritu naiz batez ere horrek aukerak zabaltzen dituelako esan nahi dudana esateko modua edukitzeko”  Gehienek bezala ez dio asko begiratzen puntuaketari “Emaitzetan nere buruarekin konforme geratu nahi dut eta jendea gustura badago hobe. Egia da denoi gustatuko litzaigukeela aurrera egitea. Beste saio bat, aukera bat, izateko. Punta puntan dabiltzan horiekin kantatu...polita izango litzateke”.

 

Nafarroatik datorren bertsolariak estreinakoz kantatuko du Nagusian. Ander Itturrik ere egin ditu prestaketa lanak “ Nahi adina ez behar bada, baina burua han irudikatzen ere egin behar izan dut. Mentalizatze hori inportantea da. Hortik aurrera behin tokatuko aukera eta gustatuko litzaidake han egotea. Bertso guztietan han” Beste pentsamendurik ez du ez finalaurreko... “Alperrik da horretan nekatzea, nik ez diot nere buruari presio hori jarriko. Bertso Eskolen Eguna da, jendea izango da, giro ona... beraz ahal dela txapelketa denik ahaztu, ongi egitea joan eta kitto” Horretarako orain duen tenplean egon nahiko luke larunbatean “ Gaiak ondo entzun eta elkarrizketa osatu lagunarekin. Horrelakoetan, nerbioak eta, aseguratzera joateko joera izaten dugu, bakoitza berea egitekoa eta nik hori gainditu nahi nuke. Osotasunean egin bertsoaldiak. Aukera badago eta umorez kantatu ahal badugu... hobeto”.

  

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri