Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 2017-09-28

Laurdenak erdira Leitzan

Laurdenak erdira Leitzan
Unai Agirre, Julio Soto, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Oihana Bartra eta Iñaki Apalategi arituko dira kantuan, Maider Ansak aurkeztuta.

Asteburuko bigarrena eta igandez jokatuko den lehenengoa izango da 2017ko Txapelketa Nagusiko hirugarren final laurdena, seitik. Leitzan izango da eta guztiak bezala 17:00etatik aurrera. Bertan Unai Agirre, Iñaki Apalategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Agin Laburu eta Julio Soto arituko dira. Eskarmentu handia dutenen saioa izango dela esan daiteke, herrialdeetako finaletan zein ohiko plazetan leku nabarmena dutenak ariko baitira. Unai Agirre, Julio Soto, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Oihana Bartra eta Iñaki Apalategi arituko dira kantuan, Maider Ansak aurkeztuta. Irabazlea finalaurrekoetara pasako da zuzenean.

Oihana Iguaran izango da Nagusian lehen urratsak emango dituena. Plazan dezente dabil azken boladan eta horrek on egingo dionaren ustetan da. “ Pila bat ari naiz ikasten ibilbide horretan eta baliagarri izango zaidala uste dut” Hala ere, txapelketa, txapelketa da: “Batez ere han eta orduan egin behar delako bertsotan ondo. Prestatu garenaren sentsazioa badut eta nahi nuke bertan izan egiten dudanaren kontzientzia. Kontzentrazioari eustea, hitz bakoitza, bertso bakoitza borrokatzea”  Egokitutako lekuari, taldeari ezin aitzakiarik jarri. “Errespetu pixka bat bai ematen du baina ilusio ikaragarria, denak izan ditut kantukide noizbait”. Horregatik zentratu nahi du saio horretan. “Gogotsu noa, aurrera pasatzeak kriston ilusioa egingo lidake baina fokua Leitzan jarriko dut. Hango saiakerak bidea irekitzen badit gustura”

Aldiz esperientzia handiena duena Unai Agirre izango dugu, hau bere bosgarren Txapelketa Nagusia baita. Horrek eragina badu baina... “ Esperientzia hartzen da eta ona da, baina momentua iristen denean lehenengoa dela ematen du. Batez ere erakutsi dit ezin dela hil ala biziko moduan hartu. Denetik pasa liteke beraz alde horretatik lasai hartzen erakutsi didate urte hauek”.  Ez du ezer berezirik igande aurretik: “Aste normala daukat, bezperan ere lana egin beharko dut eta horrela iritsi nahi nuke ohiko moduan. Erabat lasai ez da komeni, baina normal. Eta lortuko dudala uste dut”  Hortik aurrera saioan zentratuko da. “ Gure bertsokeratik zati bat han geratzea nahi izatendugu. Nik ahalik eta gehien uztera noa. Non, nola eta zer saioak berak esango du”.  Eta pentsatu egun horretan bakarrik “ Leitzan zentratuta noa. Hori eginda eta pausua emanez gero hasiko naiz hurrengoan pentsatzen”

Iñaki Apalategik berriz bere bigarren txapelketan pausu bat eman nahi du aurrera “Anbizioa eduki behar dela uste dut, eta denon intentzioak kontutan izango bagenitu 30ek kantatuko genukeen BECen”. Prestaketari martxa hartzen pixka bat kosta zaiola adierazi digu “hasita gaude eta progresioa goraka doala ikusteak lasaitzen nau. Gero bertan ikusi behar”. Saio ona, potentea dela azalduta gogo haundia omen du. “Toki, saio, plaza guztietan planteatu izan dut ilusio hori, eta txapelketan ere bai”. Txapelketan ordea, estilo batzuen saturazioa nabaritzen ote den dago eta berak beste ahalegin bat egin nahi du “Joera mekanikoa, poetikoa eta geldoa nagusitzen da askotan eta transgresorea izan  nahi nuke horretan. Estilo dialektikoa, ez hain motela, faltan botatzen dut. Uste dut eman dezakedala horretan, erantzuten diodala estilo horri eta hori goi mailara eraman nahi nuke txapelketa honetan”. Ez dela umore kontua, edo ez hori bakarrik behintzat dio “Pintzelada freskoak nahi nituzke, txispazoak ateratzea".

Julio Soto da egungo Nafarroako txapelduna, baina tokatu zaion saioa Nafarroan izateari ez dio buelta askorik eman: “Txapelketa Nagusiko saioek badute Euskal Herri mailako transzendentzia bat leku batean izan edo bestean. Nik duen garrantzi horregatik mimo handiarekin prestatu dut aurtengoa eta prest iristen naizela uste dut. Gero auskalo zer  ateratzen den” Plazek kendu eta eman diote azken aldian “Plazetan egitea da bertsolariaren lana eta horrek errekurtsok ematen dizkizu, zure burua ezagutzen lagundu... Txapelketak ordea baditu beste ezaugarri batzuk. Arnas desberdina hartzen du, ariketa batzuk beste modu bat... eta lanketa bat egin behar da horretarako. Dena bertsoa da noski eta hori egin beharko da”. Aitortu badigu ere pertsonak nahi gabe ere baduela zaletasuna aurreragokoetan pentsatzeko, orain bista gehiegi luzatu gabe egon nahi duela dio.“Egin dezakedana egin nahi dudan horretatik ahalik eta hurbilen egoten saiatuko naiz. Leitzan aurrena. Horretarako aldarte onean eta gogotsu nago”.

Oihana Bartrak hirugarren txapelketa du eta hasiera batetan kokatzea kosta zitzaion. “Sentsazio arraroekin bukatu nuen Bizkaikoa, juxtu klasifikatuta Nagusirako gainera, eta gogoa falta ote nuen ustearekin. Buelta eman diot eta orain indartsu nago. Nerbioso jartzen ere hasi naiz...” Pretentsio handirik ez omen du txapelketan eta horrek ere patxada ematen dio. “Ez dut horretan pentsatu ere egin nahi. Nahi dut noski, baina ez nuke nahi txipa saio honetatik kanpo eduki”. Zer erakusteko gogoa daukan du argi. “behar bada zenbait jendek nere azken erreferentzia duela lau urteko txapelketa du. Eta nik eboluzio pertsonalean eta bertso mailakoan aurrera egin dut eta oso gustura nago horretan. Horren zatitxo bat uztea nahi nuke Leitzan”. Oso pozik dago saioarekin “Edozein jaialdietan halako bertsolariekin kantatzeko aukera izateak poztuko ninduen moduan. Gainera honetan jende asko izango da begira eta badakit beti ez dela lortzen baino ondo egin nahi dut”.

Agin Laburuk ere badu gogoa eguna iristeko “Denbora daramagu honen zain. Preparatzen ere aritu gara... Txapelketa beti da gure bertso bilakaeran esprint txiki baten modukoa.” Prestaketa ondoren hori azaltzea tokatzen da ordea.  “Gipuzkoakoan egin nituen nire saiakerak eta nahi nuen guztia edo nahi nuen moduan ez ziren atera. Orain berriro hori birbideratu eta norbere bertsokeran aurrera egiteko moduan izan gaitezke”.  Lanean aritu da horretarako “Matizak bilatzen, definitzen.. gero ikusi behar horrek zer fruitu ematen duen. Leitzan izango da aukera polita seikote ederra bilduko gara eta ea disfrutatzeko kapaz garen. Nik uste atera litekeela”. Aukera gehiago ordea izan daitezke hortik aurrera.” Noski nahi nuke bakarrera ez mugatzea baina ez dago bakarrik nire esku, besteek ere egiten dute”. Duela lau urte bi finalerditan kantatzeko aukera izan zuen Aginek “Pena pixka bat banuen bigarrenean, Maulen , dagoeneko ez nuelako ezer jokoan. Baina bueno, ezingo dugu horretan pentsatu hori bigarren, hirugarren edo laugarren pausua izango da eta. Eta aurrena lehenengoa eman behar dugu”.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri